Umorearen bidez zientziaren aldeko bokazinoak sustatzea, hori da LocosXCiencia ekimenaren helburua, Telefónica Fundazinoak abiarazo dauena UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrearen, Big Van taldearen eta FECYTen partaidetzeagaz. Buru-argitasuna tresnatzat hartuta, proiektu honek zientzia eta teknologia hurreratuko deutsez DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleei, umorezko barriketaldiez gozetako eta monologo zientifikoen lehiaketa batean parte hartzeko aukerea eskainiz, irakasleei zuzendutako dibulgazino-tailerrak barne.
LocosXCiencia bireak hamar uri bisitauko ditu zezeilean eta martian: Donostia, Bilbo, Madril, Murtzia, Lorca, Valladolid, Palentzia, Santiago de Compostela, Merida eta Ceuta. Uri horreetako bakotxean, hiru osogai dituan programea gauzatuko da; alde batetik, Big Van-eko zientzialariek zientzia eta teknologiari buruzko umorezko monologoak eskainiko deutseez ikasleei proiektuaren nondik norakoak azaltzeko, eta horregaz batera, lanbide zientifikoen garrantzia nabarmentzeko aurkezpen laburrak egingo ditue.
Bestetik, monologoetara bertaratzen diran zentroetako irakasleek prestakuntza-saioetan parte hartzeko aukerea izango dabe, eta horreen laguntzaz, umorea zientzia erakusteko tresnatzat erabilten eta beren komunikazino-gaitasunak hobetzen ikasiko dabe. Era berean, irakasleek ikasleak gidatzen ikasiko dabe, monologoak lantzeko gauza izan daitezan. Hiruna orduko iraupena daben tailer horreen osogarri, online eskura daitekezan dobako materialak eskainiko dira.
Azkenik, LocosXCiencia birako saioetara bertaratzen diran ikasleek be zientzia eta teknologiari buruzko monologoak landu ahal izango ditue irakasleen laguntzaz, Estadu mailan antolatuko dan ikasleentzako lehiaketa batean parte hartzeko aukereagaz. Lehiaketa honen bitartez, ikasleak motibau nahi dira, zientzia ikasi eta komunika dezaten.
Lehiaketan, finalaurreko bat jokatuko da autonomia-erkidego bakotxean, eta final handi bat, finalaurrekoetako irabazleen parte-hartzeagaz. Finala 2016ko maiatzaren 5ean jokatuko da Madrilgo Espacio Fundación Telefónica eremuan. Finalistek (ikasleek nahiz monologoak prestatzen lagundu deutseen irakasleek) Suitzako CERNerako bidaia bat irabaziko dabe, Hadroien Talkagailu Handia bisitetako.
Euskadiko datak eta ordutegiak
Jarduera hau Gipuzkoako uriburuan izango da zezeilaren 29tik martiaren 4ra bitartean, UPV/EHUren Gipuzkoako Campuseko Barriola eraikinean. Eta, ondoren, martiaren 14tik 18ra, LocosXCiencia birea Bilbon izango da, Bizkaia Aretoko Mitxelena gelan. Irakasleentzako tailerren ordutegia 17:00etatik 20:00etara bitartekoa izango da bi urietan.
LocosXCiencia ekimenean parte hartzeko, nahitaezkoa da monologoen biran eta irakasleentzako tailerretako formularioetan izena emotea, ekimenaren webgunean.
Ekimen hau igaz abiarazo eben, 22 ikastetxeren eta 14 eta 16 urte bitarteko 1.600 ikasle baino gehiagoren parte-hartzeagazz. Bireak Estadu osoko sei uri bisitatu zituan orduan: Cadiz, Malaga, Valladolid, Bartzelona, Madril eta Santander.
Aurten, LocosXCiencia Euskadira helduko da lehenengo aldiz, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrearen eskutik.