Relaciones amorosas de las mujeres encarceladas liburua gizartearen eta kulturearen, ikasketa akademikoen eta eztabaida feministen bazterretan bizi diran emakumeen bizipenei buruzko lan aitzindaria da. Estíbaliz de Miguel Calvok, liburuaren egileak eta UPV/EHUko Soziologiako doktoreak, ikusgai egin ditu emakume presoak, bikoteko maitasuna aztertu dau, eta kartzelako maitasun amatiarren garrantzia deskubridu dau.
Azterlan feminista horrek UPV/EHUren Micaela Portilla Vitoria saria irabazi eban, eta ikuspuntu soziologikotik jorratzen dau emakume presoen bizitzako maitasuna. Holan, lanaren bidez, egiaztatu da ez dagoala kartzelaratutako emakume baten eredurik, eta neurri handi batean emakumeon maitasun hartu-emonak baldintzatzen dituen faktore ohikoenak aztertu dira, besteak beste, egoera sozioekonomikoa, jatorria eta droga konsumoa.
Estíbaliz de Miguel Calvok, ikerlana osotzeko, alkarrizketa sakonak egin eutsezan 2008an Langraitzeko kartzelako 49 emakumeri (kartzela horri Nanclares de La loca deitzen deutsie emakume presoek eurek). Soziologoak ondoko kontraesana nabarmendu dau bere lanean: maitasuna, metaforikoki, ‘gatibualdia’ izan daiteke askatasunean, baina askapena kartzela barruan. Alde horretatik, kartzeleak abantaila bat dauka emakumeentzako: bakarrik egon eta beren bikote egoereari buruz hausnartzeko abagunea eskaintzen deutse.
Kartzelan, maitasuna emakumeon euskarri da, itxialdian bizirik irauten eta ondorioak neutralizetan laguntzen deutselako. Maitasuna transgresinoa izan daiteke kartzela barruan; alkartzeko eta intimidadea izateko bide emoten dau, maite diran pertsonakandik aparte eta urrun bizi behar dan leku batean. Hau da, itxialdia gainditzen eta itxaropenez beteriko etorkizunari erreparetan lagundu leike, aldi baterako baino ez bada be, esan dau De Miguel Calvok. Soziologoak azaldu dau sekulako erronkea izan dala ikerketea kartzelea lako gune gogor batean egitea. Kartzelako emakumeen errutinetan eta eguneroko bizimoduan sartu gara, eta eurek kartzelan bertan dituen kezka eta ardurei erreparau deutsegu, bai eta beste preso batzuekaz zein kartzelaz kanpoko jente maiteagaz dituen hartu-emonei be. Edozelan be, ikerketea mugatuta egon da hasieratik bertatik, izan be, kartzelea ez da gunerik aproposena momentuan hausnartzeko edo errepresaliei bildurrik izan barik berba egiteko.
UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak plazaratu dau liburua, zazpi kapitulutan banatua. Lehen kapituluan, emakume presoak orain artean eginiko ikerketen ikuspuntuetatik aztertzen dira. Bigarren kapituluak emozinoak eta maitasuna jorratzen ditu, gizarte eta genero desbardintasunetan oinarrituta. Hirugarrenean, Langraitzeko kartzelan 2008an gauzatutako landa lana azaltzen da. Laugarren kapituluak emakume kartzelaratuen bizitea dau aztergai, eta bosgarrenak, barriz, maitasun esperientziak. Ondoren, seigarren kapituluan, maitasunaren bi alderdi ikusarazoten eta argudiatzen dira: alde batetik, maitasuna zeozelako gatibualditzat joten da eta, bestetik, kartzelaldiko askapentzat. Azkenik, zazpigarren kapituluak bost emakume presoen (Ángela, Celia, Jasmine, Rosa eta Ariadna) kontakizunak eta euren maitasunezko bizipen eta kezkak batzen ditu.
Estíbaliz de Miguel Calvo (Barakaldo, 1974)
Soziologian doktorea Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen eskutik, gizarte langilea, gizarte hezitzailea, eta kartzeletako bisitaria hamar urtez. UPV/EHUren I. Micaela Portilla Saria irabazi eban, feminismoari/generoari buruzko 2013ko doktorego tesi onenagaitik. Emakumeen eta kartzelen inguruan ikertzeko SinRejas proiektua zuzentzen dau. Ganera, Geispe-Red Zigor Sistemearen eta Generoaren Nazinoarteko Sareko kide da. Ondoko arloak ikertzen ditu: bazterketa soziala eta kriminologia, genero azterlanak, eta emozinoen eta maitasunaren soziologia. Azken argitalpena: Mujeres usuarias de drogas en prisión, Praxis Sociológica, 19.zk. (2015).