Complices taldeak 30 urteko ibilbidea ospatuko dau Campos antzokian

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko ots. 23a, 00:00

Complices pop talde galiziarrak Complices Aniversario izeneko kontzertua eskainiko dau Bilboko Campos antzokian zezeilaren 27an, 30 urteko ibilbidea ospatzeko. Sarrerak salgai dagoz dagoeneko, 25 euroan, eta 21 euroan aurretik erosten dituenentzat.

Teo Cardaldak eta María Monsonisek osotutako bikotea 30 urte betetzear dago musikearen munduan. Disko barriagaz, betiko kantuen bersino akustikoakaz eta Bilboko Abesbatza Alkartearen lankidetza bereziagaz bere urteurrena ospatuko dau Bizkaiko uriburuan.

Complices Aniversario kontzertu parebako eta errepetiduezina izango dala adierazo dabe antolatzaileek. Beste batzuen artean, Es por ti, Verdad que sería estupendo, Los tejados, Dama del Río edo Está llorando el sol abesti ezagunakaz osotutako diskografia gogoratuko deuskue. Horrezaz gan, oraintsu argitaratutako Volver a empezar azken diskoko lanak be eskainiko ditue. Lan barri horrek sei abesti jasoten ditu eta horreetan taldearen jarraitzaileak harrituta itxiko dituen erritmoakaz ausartu dira; berbarako, Sin querer rap estiloan abestuko dabe, bizi doguzan garai gorabeheratsuokaz erabateko konpromisoa erakutsiko dabelarik.

Baina, ganera, Volver a empezar diskoak, Complices taldeko kideen nerabezaroan esanahi handia izan eben abesti klasikoen bost bersino be jasoten ditu; holan, Campos Antzokian, beste batzuen artean, Richard Coccianteren Margarita, Joan Manuel Serraten Penélope edo dagoeneko hilda dagoan Andrés do Barro kantautore galiziarraren Teño saudade entzun ahal izango dira.
 
Bilboko hitzordua urteurreneko birako kontzertu berezienetakoa izatea espero da, izan be, lehen aldiz, Complices taldearen abestiak abesbatza klasiko batek lagunduta interpretauko diralako. Bilboko Abesbatza Alkarteko kideen ahotsak osogai ezin hobea izango dira taldea lehendik be ezagutzen dabenentzat zein oraindino ezagutzen ez daben gazteentzako be.


Complices

Taldea 1987an sortu eban Teo Cardalda musikari galiziarrak, garai haretan erreferentziazkoa zan beste talde bat, Golpes Bajos, itxi ondoren. Teok, María Monsonis bere bikoteagaz eta Tino DiGeraldo eta Billy Villegas musikariakaz jarri eban martxan taldea, eta 1988an lehenengo diskoa, Manzanas, argitaratu eben. Bigarren diskoa Ángeles desangelados, kaleratu ondoren laukotea bikote bilakatu zan. Eta 1990etik aurrera lortu zituan taldeak bere arrakasta handienak, ordura arteko arrakasta nagusia jasoten eban La danza de la ciudad (1990) diskoa kaleratu ondoren, batez be. Es por ti benetako hit bilakatu zan, Espainian eta Latinoamerikan. 2001ean, Mariak, bere bost seme-alabez arduratzeko, musika profesionala alde batera itxi eban arte beste hainbat lan argitaratu zituen, Está llorando el sol (1991), Preguntas y flores (1993), Básico (1994), Cousas de meigas (1999), eta Cómplices (2000). A veces (2002), Teok bakarka argitaratu eban disko bakarra izan zan, orain arte argitaratutako ganerako diskoetan Maria barriro be taldean egon dalako: Grandes éxitos en directo (2003), Hello mundo cruel (2006), Reencarnación (2009), Cómplices 20 años (2010) bildumea, eta azkena, Volver a empezar (2015), hamaika abestiz osotutako lan bikaina. Azken disko horretako izar nagusia konpromisoz betetako Sin querer abestia da.

Osorik irakurri