Badirudi Nanga Parbat mendian eguraldiak beste atsedenaldi bat emon dauela eta Alex Txikon, Ali Sadpara, Tamara Lunger eta Simone Moro tontorrera bidean jarri dira barriro. Bigarren Kanpalekuan (6.100 m) gau bi pasau ditue eta helburua da, gaur gauean Hirugarren Kanpalekuan (6.700 m) lo egitea.
Eguraldi oneko tarte bat aprobetxauta, Beheko Kanpalekutik tontorrera abiatu ziran lau mendizaleak aste hasikeran. Baina, atzo, martitzena, haize gogorraren erruz, dendatik urten ezinda egon ziran. Badirudi bart goizaldean haizea baretu egin dala eta gaur, eguaztena, egun zoragarria daukiela Nanga Parbaten. Beraz, barriro gorako bidean dagoz.
Gaurko helburua Hirugarren Kanpalekura heltzea da, han atseden hartu, gaua pasau eta datozan egunetan Nanga Parbatera heltzeko asmoz. Helburua beteteko, baina, eguraldi oneko tartea ez amaitzea behar dabe.
Txikonek, Sadparak, Lungerrek eta Morok egindako kalkuluaren arabera, lau ordu inguruko igoerea daukie Bigarren Kanpalekutik Hirugarrenera. Handik, 1.500 metro eskaseko desnibela eukiko dabe tontorreraino, tartean laugarren Kanpalekua dagoala. Asteotako edurte eta haizeteek Hirugarren Kanpalekua ze egoeratan itxi daben ikusi beharko dabe. Bigarrenean kalteak topau zituan laukoteak.