Euskerearen ganeko diskursoaren zoru komuna aurkezteko batzarrak egin ditu Jaurlaritzeak

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko ots. 24a, 00:00

Enpresa munduko arduradunakaz egin dau batzarretako bat Patxi Baztarrika Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta, bestea, gazteria eta kirol arloetako ordezkariakaz. EGOD egitasmoa eta euskerearen ganeko diskurso partekaturako zoru komuna aurkeztu deutsez Baztarrikak, Iñaki Martinez de Luna soziolinguistearen laguntzinoagaz.

Bilbon izan dira batzar biak. Lehenengoan, Confebask, Adegi, SEA eta Cebek enpresarien alkarteetako kideakaz egin dabe berba Baztarrikak eta Martinez de Lunak. Bigarrenean, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua, gazteen alkarteak, kirol munduko eragileak, federazinoak eta Euskal Kirol Federazinoen Batasuna izan ditue berbalagun.

EGOD egitasmoa legegintzaldiaren hasikeratik zehaztutako proiektua da. Gizartean euskereari buruz dagozan diskurso eta eretxiak landuta, horreen arteko kontrastea egin eta eztabaida bultzatzea da egitasmoaren asmoetako bat. Eretxi zabalduenak bateratu eta euskerearen inguruko diskurso partekatua ezagutzen ahalegindu da Jaurlaritzea.

Lanketa horretatik urten dau Jaurlaritzak oraintsu ataratako zerrendea: Euskerearen ganeko diskurso partekaturako zoru komunaren oinarria. 21 esaldiko zerrendea da, danak euskerearen ingurukoak, eta gizartean adostasun handiena batzen daben ideetan oinarrituta. Gizartean euskereak euki behar dauen lekua, berau bultzatzeko lana, hizkuntzen arteko alkarbizitzea eta bestelako gai batzuk jorratzen dira esaldiotan.

Behin egitasmoaren oinarriak zehaztuta, ataratako ondorioak gizarteratzeko lanean hasi da Eusko Jaurlaritzea. Hain zuzen be, gizarteko alor guztietara euskerearen diskursoaren zoru komuna zabaltzeko asmoagaz bat egiten dabe Bilboko batzar biek.

Osorik irakurri