Euskeraz egindako spot edo iragarkien lehiaketea da Euspot. Mondragon Unibersidadeak antolatzen dau ekimena eta, horregaitik, hango ikasleen ikasgaietako bat da Euspoterako lana aurkeztea. Ganera, beste edozeinek be parte hartu leike lehiaketan. Ikus-entzunezko lanak entregetako epea apirilaren 28an amaituko da. Lau sari banatuko dira.
Gipuzkoako Foru Aldundiak babesten dau Euspot, Aretxabaletako Udalagaz batera. Horregaitik, aurten aurkeztutako spoten gaia Turismoa erakarri Gipuzkoa barnealdera izango da. Gipuzkoako barrualdeko ondare kultural eta naturala edo turismorako erakargarriak diran txokoak erakusteko spotak izango dira. Iragarkien hartzaileak euskal herritarrak izango dira.
Baldintza horreek beteten dituen spotak, apirilaren 28a baino lehen entregau behar dira, Euspoten webgunearen bidez. Maiatzaren 12ko ekitaldian emongo dabe irabazleen barri. Lau saritu egongo dira: Spotik onena (1.000 euro), Mondragon Unibersidadeko ikasleen arteko spotik onena (500 euro), publikoaren saria (500 euro) eta gazteen saria (250 euro). Azken hori 18 urtera arteko neska-mutilentzat da.
Lehiaketearen bosgarren edizino hau hobeto ezagutarazoteko, antolatzaileak hartu-emonetan dagoz, bai ikus-entzunezko eskolakaz eta baita ikastetxe batzukaz be. Euspoten inguruko saio bereziak egingo ditue Gipuzkoako hainbat lekutan, Foru Aldundiagaz lankidetzan.
Igazko edizinoa arrakastatsua izan zala dinoe antolatzaileek. Euskeraz egindako 35 spot jaso ziran, tartean 18 urte baino gitxiagoko ikasleek egindako 13. Aurtengo helburua euskal munduan erreferentziazko bihurtzea izango da. Gazteen sormena bultzatzeko be erabili nahi dabe Euspot, batez be Mondragon Unibersidadekoena. Halandabe, antolatzaileek nabarmendu dabe euskeraz dakien edozeinek parte hartu leikela.
Lehiaketearen oinarriak, hemen.