Kolaboratzaile ugarik lagunduta atara dau Keu Agirretxeak 'Nomadak eta kofrea' diskoa

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko ots. 25a, 00:00

Urtebeteko lana behar izan dau Keu Agirretxea ondarrutarrak baina, azkenean, kalean dago Nomadak eta kofrea diskoa (Mauka). Ohiko moduan, Mikel Etxabururen poemak dira kanta askoren oinarria, baina oraingoan kolaboratzaile gehiago be euki ditu. Xabi Solano, Mikel Erentxun, Izaro Andres eta abarren ahotsak entzun leitekez disko honetan. Martiaren 5ean hasiko da zuzeneko kontzertuetan Nomadak eta kofrea aurkezten. 

Madrilen grabau dau diskoaren zati bat Keu Agirretxeak. Halandabe, hasikera baten, proiektu txikiagoa, apalagoa egiteko asmoa eukala azaldu dau: Hiru edo lau kantako EP bat atarateko asmoz hasi nintzan, baina Mauka diskoetxekoakaz berba eginda aldatzen joan zan hasikerako asmoa. Madrilera joan zan eta hango musikariakaz grabau eban musikea. Horrek beste dimensino bat emon deutso diskoari, aberatsagoa da musikearen eta teknikearen aldetik.

Ahotsak grabetako, baina, Euskal Herrira bueltau zan, teknikari euskaldunek euskerazko letrak hobeto landuko zituelakoan. Ganera, kolaboratzaile ugari euki ditu kantak grabetako, batzuk oso ezagunak: Xabi Solano, Mikel Erentxun, Izaro Andres eta Jairo Zavala. Pablo Novoaren gitarrea entzuten da Esan eta erantzun abestian.

Horrenbeste kolaboratzailegaz, eta bakotxaren agenda beteak kontuan hartuta, ez da ohiko grabazinoa izan, Keu Agirretxeak onartu dauenez. Darwin singlea Durangoko Azokan aurkeztu eban, abenduan, baina disko osoa atarateko urtebete behar izan dau. Luzea izan da prozesua, baina pozik nago.

Letrei jagokenez, Mikel Etxabururen poemetan oinarritzen dira kanta asko eta Kirmen Uribe eta Aiert Goenagaren testuak be badagoz. Etxaburugaz alkarlanean egiten dauen laugarren diskoa dau Keu Agirretxeak. Etxaburuk adierazo dauenez, plazerra da Keugaz lan egitea, nire poemak jantzi eta aberastu egiten ditu bere musikeagaz. Bere poemen estiloa eta Keuren musikea ondo buztartzen dirala dino Etxaburuk, letrak eta musikea ez doguz gehiegi behartu behar, ondo koadretan dabe.

Martiaren 5ean, Tolosako Bonberenean aurkeztuko dau Keu Agirretxeak Nomadak eta kofrea diskoa lehenengoz zuzenean. Hil horren 6an Ondarroako Beikozinin joko dau eta datozan hileetarako kontzertu gehiago be badaukaz lotuta Markinan, Donostian eta abar. Zuzenekoetarako musikari talde bat dauka Keu Agirretxeak, Fignuh Experience izenekoa, eta horreekaz ibiliko da herririk herri.

Osorik irakurri