Mieltxo Monfort joan jaku

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko ots. 25a, 00:00

Zoritxarreko eguna dogu gaur Bilbo Hiria irratian, izan be, gaur goizaldean hil da Mieltxo Monfort Aiestaran, 62 urte zituala, gure irratiko esatari, koordinatzaile eta, ororen gainetik, LAGUNA. Bilbo Hiriako eta Zenbat Garako familian hutsune ordezkaezina itxiko deusku Mieltxoren desagerpenak.

Sortzez hernaniarra, baina aspaldi Bilbon errotutakoa zan Monfort, ikasle garaitik, EHUko kazetaritza fakultadeko lehenengoetako lizentziatua izanik. Gaztetatik Bilboko Zazpi Kaleak bihurtu ziran haren eremu naturala, itzel maite ebalako Mieltxok gure Bilbo zaharra, Euskal Herriko mendietan gora eta behera ibiltea maite eban legez. Konprometitua zan eta hainbat ekimenetan parte hartzen eban: konparsetan, LKI alderdian, Alde Zaharreko Bihotzean auzo alkartean...

Ahotsa izan zan haren lan tresnea, bikoizketa eta lokuzino lanetan hasi baitzan, hasieran K2000 estudioan eta, ondoren, 1997tik hona, Bilbo Hiria irratian. Berari erabat lotua izan da irrati honen ibilbidea, bera izan baita urteotan irrati honen motor nagusia.

Kolaboratzaile sare zabala osotu eban urteotan Mieltxok, berak gidatzen eban IBAIZABAL magazinean parte hartzen eban lagun piloa. Horrezaz gan, azken urteotan Arrosa Sareko Zebrabidea saioan eta, urritik, Hala Bedi Birekin batera goizero egiten dogun Hizpidea informazio saioan entzun geinkean haren ahotsa.

Lanean zehatza eta ekina zan Mieltxo, gauzak aldez aurretik ondo preparauta izatea maite eban personea; umore finekoa eta ironikoa be bai, bestalde, lagunakaz plazer txikiez gozetea asko maite ebana. Guk bere konpainiaren plazer erraldoiaz gozau dogu urteotan, eta ez dogu sekula ahaztuko.
 

Osorik irakurri