Andy Warholen alderdi ezezagunena Guggenheim Museoan

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko ots. 25a, 18:00

Itzalak izenburuko lana Bilbora ekarri dau Guggenheim Museoak. 102 panelez osotutako obra koloretsua da, Andy Warhol artista amerikarraren obra ikonikoetatik aldentzen dan artelan handia. Argia, koloreak eta itzala dira obrearen oinarria. Zezeilaren 26tik urriaren 2ra bitartean egongo da ikusgai, museoko beheko solairuan.

Lucia Agirre arte-komisario eta erakusketearen arduradunaren esanetan, obra monumentala da Bilbora ekarritako Itzalak. Bilboko museoaren jaubetzakoak diran Marylin Monroeren 150 erretratu koloretsuen osogarri da Itzalak, Agirreren ustez: Marylinen 150 panelak hobeto ulertzen laguntzen dau.

Andy Warholen ohiko estilotik urrun dago Itzalak, horregaitik amerikarraren lana sakonago ezagutzeko aukera parebakoa emoten dau, Juan Ignacio Vidarte Guggenheimeko zuzendariaren esanetan: 102 panelek errepetidutearen sensazinoa emoten dabe, Warholen beste obra batzuetan modura, baina hobeto ikusi ezkero, oso lan piktorikoa da.

Panel guztietan argazki biren negatiboak agiri dira, kolore ugaritan. Baina ez dagoz zehatz-mehatz bardinak diran panel bi. Dan-dana eskuz margoztuta dago. Horregaitik urruntzen da Warholen ohiko estilotik. Teknikea eta kolorea lehen planora ekarten ditu obra honegaz, dino Lucia Agirrek, gerizak beti agiri dira Warholen obran, baina hemen agirian dagoz.

Itzalak obrea 1978 eta 1979an sortu eban Andy Warholek. Lehenengo aldiz jentaurrean erakutsi zanean, 83 panel baino ez zituan ipini, galerian lekurik ez egoalako. Izan be, obra handia, batez be luzea, da Itzalak. Bilbon obrea bere osotasunean ikusi geinke, areto aproposa topau deutsagu, dino Agirrek.

Urriaren 2ra arte egongo da Itzalak Guggenheimen. Ganera, alboko areto baten didaktika gunea ipini dabe. Argi eta kolore estimuluen bidez, ikus-entzunezko esperientzia berezia eskaintzen dau gune horrek, Andy Warholen obrearen ezaugarrien barri emoteko. Heziketarako jarduerak be antolatu ditue erakusketearen inguruan. Esaterako, martiaren 10ean, Leatrice Eiseman aditua egongo da Bilbon, Warholek kolorea eta emozinoa zelan buztartzen zituan azaltzeko.

Osorik irakurri