UNESCO Etxeak antolatuta, Hezkuntzea berraztertzea: Mundu osoko ongia lortzeko bidea txostena aurkeztuko da bihar barikua, Bilbon, 11:00etatik 14:00etara, Eusko Jaurlaritzearen Bilboko egoitzan (Kale Nagusia, 85). UNESCOren bi argitalpen historikoei jarraituz, Izaten ikastea: etorkizuneko hezkuntzea (Faure Txostena, 1972) eta Hezkuntzea, altxor ezkutua (Delors Txostena, 1996), erakundearen txosten barri honek hezkuntzearen ganean barriro be gogoeta sakon bat egiteko beharra planteau nahi dau.
Txostenak ondoko auziei emon nahi deutse erantzuna: Zer hezkuntza mueta behar dogu XXI. mendean? Zein da hezkuntzearen helburua gaur egungo eraldaketa sozialaren testuinguruan? Zelan antolatu beharko litzateke ikaskuntzea?
Mundua aldatzen dago, eta hezkuntzeak be aldatu beharra dauka. Planeta osoko gizarteek eraldaketa sakonak bizi ditue, eta horrek hezkuntza-molde barriak eskatzen ditu, gizarteek gaur eta bihar beharko dituen gaitasunak sustatzeko. Horrek esan nahi dau alfabetatzetik eta oinarrizko gaitasunen eskurapenetik harago joan behar dala, eta justiziagaz, bardintasun sozialagaz eta mundu mailako alkartasunagaz lotutako gaitasunak eta balioak bultzatuko dituen ikuspegi barrietan oinarritu beharra dagoala.
Horregaitik, Unescoren txosten honek, Delors Txostenari jarraituz, hezkuntzearen ikuspegi humanistearen aldeko apustua egiten dau. Hezkuntzearen ikuspegi humanista horren alderik esanguratsuenetako bat personearen garapen integrala bultzatzea da, garapen ekonomikoagaz loturiko funtzino erabilgarriaz harago. Alde horretatik, hezkuntzearen lau zutabeei egiten jaken erreferentziek (ezagutzen ikastea, egiten ikastea, izaten ikastea eta alkarregaz biziten ikastea), eragin handia izan dabe mundu zabalean, curriculumak osotzeko orduan.
Ikuspegi humanista horren eredu nabarmen legez, Euskal Autonomia Erkidegoan oinarrizko konpetentzia transbersalen arloan egiten lana lana aitatzen dau txostenak (Delors Txostenak zehazten dituan hezkuntzearen lau zutabe horreekaz hartu-emonetan). Ikuspegi humanista hori azaltzen dauen kapitulu guztian ez dago beste aitamenik, ez Erregioenik ez Estaduenik, Euskadiri buruzko hori ez bada.
Aurkezpen ekitaldirako, dagoeneko hezkuntza arloko 80 profesional baino gehiagok baieztatu dabe bertan izango dirala. Eta tartean, aurkezpenean parte-hartzaile izango dira: Arantza Aurrekoetxea, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordea eta Carlos Vargas, UNESCOren Hezkuntza Sailaren hezkuntzaren erronka globalei buruzko ikerketa arloaren arduraduna.
Era berean, UNESCOren txostenera batutako proposamenen adibide diran hezkuntza-esperientziak be aurkeztuko dira. Horretarako, honako honeek izango doguz partaide: Aitor Pagaldai, Lauaxeta ikastolako Barrikuntza proiektuen arduraduna eta Zuzendaritza taldeko kidea eta Albert Sangrá, Universitat Oberta de Catalunyako Educación y tecnología para el cambio social UNESCOko katedrearen Zuzendari Akademikoa.