Mondragon Unibersidadeko Humanidade Fakultadeak antolatu dau topaketea. Iruñea, Gasteiz, Bilbo, Donostia eta Mauleko alkateak, bostak euskaldunak, batuko dira mahai-inguruan, euskereagaz daukiezan hartu-emon eta erronkak azaltzeko. Hitzordua martiaren 10ean izango da, Eskoriatzako kanpusean, arratsaldeko 17:00etan.
Euskal Herriko hiriburuetako alkateak: Euskararekiko harremanak eta etorkizuneko erronkak izenburupean egingo dabe topaketea. Bertan egongo dira Joseba Asiron Iruñeko alkatea, Gorka Urtaran Gasteizkoa, Juan Mari Aburto Bilbokoa, Eneko Goia Donostiakoa eta Michel Etchebest Maulekoa.
Euskal Herriko zazpi uriburuetako alkateen artetik bostek euskeraz jakitea mugarria dala azaldu dau Mondragon Unibersidadeak, eta hori aprobetxauta antolatu dauela martiaren 10eko jardunaldia, Huhezi fakultadeko Euskera Batzordearen urteroko egitarauaren barruan. Uriburuetako bakotxean desbardina da euskerearen egoerea eta bakotxak bere udalerrian ze erronka daukazan azalduko dabe alkateek.
Topaketearen lehenengo zatian, parte-hartzaile bakotxak azalduko dau bere udalerrian zelako erronkak daukazan euskereak eta ze neurri hartzen dabilzan euskerearen inguruan. Bigarren zatian, alkate bakotxak euskereagaz daukan hartu-emonaz egingo dau berba.
Unibersidadeko kideentzat zein interesa daukan beste edonorentzat aproposa da jardunaldia, Mondragon Unibersidadeak azaldu dauenez. Bertan egon nahi dabenek izena emon behar dabe, helbide honetan: harrera.huhezi@mondragon.edu. Ganera, mahai-ingurua streaming bidez ikusi ahal izango da, interneten.