Eusko Jaurlaritzeak eta Aquitaine-Limousin-Poitou-Charentes eskualdeak osotzen daben Akitania-Euskadi Euroeskualdeak, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskal Kultur Erakundeak sinatu barri daben lankidetza hitzarmena aurkeztu dabe gaur.
Hitzarmenaren bitartez sinatzaileak lankidetzan ibiliko dira bi norabidetan: batetik, Iparraldeko eta Hegoaldeko euskal kultur sortzaileen lanak Akitaniako diziplina desbardinetako jaialdi eta ekitaldietan erakutsiko ditue; bestetik, Akitaniako eta Euskadiko kultur sortzaile eta eragileen arteko mugaz gaindiko hartu-emonak eta alkarlana sustatuko ditue.
Mikel Antón Eusko Jaurlaritzako Europako Gaietarako zuzendariak azaldu dauenez, Euroeskualdearen Plan Estrategiko barriaren (2014-2020) lanketak agirian itxi eban alkar ezagutzea sustatzearen beharra. Zeregin horretan kultureak aparteko garrantzia dauela esan dau eta Planak hizkuntzen ezagutza eta sustapena eragingo dauela eta kultura kooperaziorako ardatz bilakatuko dala. Lan arlo horretan kokatu dau Antónek Aquitaine.eus egitasmo barria, euskeraz egindako proiektuen presentzia era berezian sustatuko dauena; datozen bi urteetarako abiatu dan proiektuak 67.500 euroko aurrekontua izango dauela be adierazo dau.
Mathieu Bergé Aquitaine-Limousin-Poitou-Charentes eskualdeko kontseilariaren berbetan, egitasmoa mugaz gaindikoa izateaz harago, Euroeskualde mailakoa be bada. Izan be, kontuan hartuta Akitania eskualdea handitu egin dala oraintsu iparraldetik (Poitou-Charentes eta Limousin gehituz) eta hegoaldetik laster Nafarroa kide barri bilakatuko da, Euroeskualde barriak 9 miloe biztanle eta Europako lurraldeko % 2 izango ditu laster. Testuinguru honetan Etxepare eta EKE lako Europa mailako eragileakaz lanean hasteak dakarren aurrerapausua azpimarratu dau.
EKE Euskal Kultur Erakundeko zuzendari Pantxoa Etxegoin be oso pozik agertu da, hitzarmen barriak EKEk eta Etxeparek azken urteetan egin daben alkarlanaren onarpena dalako. Gainbalio bat nahi dogu ekarri Euroeskualde barri horretan –esan dau-: euskal kulturea hor egongo dala bermatzea eta egiazko trukaketa bat gauzatuko dala. Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak Nafarroa gehitzearen garrantzia be azpimarratu dau, euskerearen eremu be izanik, Institutuak bertako euskerazko kulturea be nazinoartean sustatzen dauelako. Sortzaileak hitzarmenaren muinean dagozala be nabarmendu eta euren ekarpenak jasoteko prestutasuna adierazo dau.
Alkarlan barri honen barruan, oraingoz 2016. urterako antolatu daben programearen nondik norakoak be azaldu ditue Pantxoa Etxegoinek eta Aizpea Goenagak aurkezpenean:
- Martiak 7-10. DFeria azokako programako lau antzezlan itzuli ditue frantsesera, Akitaniako programatzaileek goitituluen ikus deiezan. Lanak dira: Musu bat (Tanttaka); Oskara (Kukai Dantza); Zergaitik Jamil? (Tartean Teatroa) eta Jokoz kanpo (Borobil Teatroa).
- Martiak 8. Akitania-Euskadiko instituzino eta kultur erakundeen topaketa bat antolatu dabe Donostian, lankidetzea sustatzeko.
- Apirilak 1-3. Escale Du Livre Bordeleko Liburu azokan, frantsesera itzulitako lanak dituan euskal idazle batek parte hartuko dau programan.
- Maiatzak 19-22. Leioako Umore Azoka kaleko arteen nazinoarteko azokan, euskal-akitaniar programatzaile eta profesionalen arteko topaketak antolatuko ditue.
- Abuztuak 4-6. Fest'Arts Kaleko Arteen Nazinoarteko Jaialdiaren barruan, euskal konpainia batek egonaldi artistiko bat egingo dau Libournen. Jaialdiko egitarauan hiru euskal talde izango dira, gitxienez, eta euskal-akitaniar programatzaile eta profesionalen topaketak be antolatuko ditue.
- Udagoienean, Bordeaux-Cenoneko Le Rocher De Palmer kulturguneak euskal musikea programauko dau: hiru alor desbardinetako hiru kontzertu izango dira -jazza, elektronikoa, folk-tradizionala-. Erakusketa bat be produziduko dabe eta lau eguneko herri-musika tailer-ikastaroak eskainiko ditue eskoletan eta kulturgunean.
- Zemenditik aurrera. Euskal jantzearen ganeko Soka erakusketea Akitaniako hainbat uritan erakutsiko da. 2016ko zemendian Pau urian izango da ikusgai.