Euskerea, aniztasuna eta bizikidetzea izango dira Zubideiak topaketako ardatzak. Hogei erakunde eta eragile baino gehiagok adostu dabe gizarte-alkarrizketarako hitzordua antolatzea, maiatzaren 7an. Euskerearen normalizazinoa gizarte guztiaren ardurea danez, danen ahotsa entzutea izango da asmoa.
Oraingoz, honeek erakundeek erabagi dabe Zubideiaken parte hartzea: UNESCO Etxea, Euskadiko Gaztediaren Kontseilua, Euskaltzaindia, Garabide, Topagunea, Kontseilua, AEK, Seaska, Emigrados Sin Fronteras, Banaiz Bagara, Joxemi Zumalabe Fundazinoa, EMUN, Aztiker, UEMA, Hobest, Tokikom, Ekogunea, Kutxa Fundazinoa, Eusko Ikaskuntza, Soziolinguistika Klusterra, Wikitoki, Elhuyar, Laboral Kutxa eta EHU.
Euskerearen normalizazinoa gizarte guztiaren ardurea dala dinoe antolatzaileek eta, horregaitik, askotariko eretxiak entzun nahi ditue. Euskerearentzat eta hizkuntza aniztasunarentzat onuragarriak diran dinamikak sortzeko ekimen aproposa izango dalakoan dagoz.
Maiatzaren 7an egingo da Zubideiak topaketea, Gune Edegiaren metodologia erabilita. Gune Edegien Lagunak ibiliko dira topaketea gidatzen eta parte-hartzea errazten. Eragile bakotxak erabagiko dau bere azalpena zein hizkuntzatan emongo dauen, euskeraz, gaztelaniaz ala frantsesez.
Prestakuntza lanean hasi dira dagoeneko eta maiatzaren 7rako helburu bi bete nahi ditue: Batetik, eragile gehiago batzea, topaketan eretxi gehiago batu ahal izateko. Bestetik, areto aproposa topau nahi dabe. Parte-hartzaile guztiak biribilean jarri nahi ditue, zirkulu handi baten, eta hori modu erosoan egitea ahalbidetuko dauen aretoa nahi dabe.