Euskalduna Jauregiak Bilbao Arte Portua Goldberg Management konpainiak antolatu dauen kontzertu handien zikloa jasoko dau irailetik aurrera. Antolatzaileek azaldu dabenez, zikloak mundu osoko bakarlari, zuzendari, orkestra eta konposatzaile ospetsuenak programauko ditu Bizkaiko uriburuan denporaldi bakotxean.
Lehenengo denporaldiak, esaterako, sei kontzertu handi eskainiko ditu Zubin Mehta, Vladimir Spivakov, Denis Matsuev, Ivo Pogorelich, René Jacobs eta James Newton Howard maisuen eskutik.
Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendariak aurkezpenean esan dauenez, kultur maila handia eta nazinoarteko oihartzuna izateko jaiotako ekimena da Bilbao Arte Portua.
Antolatzaileen esanetan, gehienbat klasikoa izango dan denporaldiaren barruan, Cinema Stars atala jasoko da, ikus-entzule eklektikoagoei eskainitako proiektua, musika klasikoa melomano orokorrei hurreratuz.
2016/2017 denporaldirako sei kontzertuetarako bonuek 152 eta 385 euro arteko prezioa izango dabe eta apirilaren 30era arte erosi ahal izango dira Euskalduna Jauregiko txarteldegietan, webgunean eta Kutxabank kutxazainetan.
Kontzertu bakarrerako sarrerearen prezioa 29 eta 79 euro artekoa izango da, Zubin Mehtaren inaugurazino kontzerturako txartelena izan ezik: 40 eta 99 euro artekoa izango da prezioa emonaldi horretarako.
Zubin Mehta zuzendaria izango da irailaren 16an denporaldia inaugurauko dauena. Maggio Musicale Fiorentino Orkestreagaz batera, Franz Schuberten Amaigabea, si minorreko D759 Sinfoniak eta Anton Brucknerren re minorreko A 128 9 zk.-ko Sinfoniak osotuko daben programea eskainiko dau.
Urriaren 23an, Vladimir Spivakov biolinista eta zuzendariaren txandea izango da, Moskuko Birtuosoakaz batera. Antonio Vivaldiren, Gioachino Rossiniren, Luigi Bocheriniren eta Pyotr Ilyich Tchaikovskyren lanak entzuteko aukerea izango da.
Abenduaren 7an, zinema musikearen kontzertua egongo da, James Newton Howardek zuzendutakoa, Hollywoodeko zuzendari eta konposatzaile nagusietakoa dan eta Oscar sarietarako zortzi izendapen izan dituen musikariak.
Soinu banda asko idatzi ditu, horreen artean Gose Jokoak, Seigarren zentzua eta Pretty Woman, berbarako. Oraingo honetan, Fernando Velázquez konposatzaile bizkaitarra (El orfanato, Ocho apellidos vascos eta Lo imposible), Bilbao Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Koral Alkarteak be parte hartuko dabe kontzertuan.
Denis Matsuev piano jolea 2017ko zezeilaren 4an egongo da Bilbon, Kazango Orkestra Sinfoniko Estatalagaz eta Alexander Sladkovsky haren zuzendariagaz. Sergei Rachmaninoven re minorreko pianorako 3 zenbakiko Op.30 Kontzertua eta 2 zenbakiko Sinfonia interpretauko ditue.
2017ko apirilaren 30ean, Ivo Pogorelich piano joleak, Municheko Gärtnerplatz Orkestreagaz eta Marco Comin haren zuzendariagaz, Robert Schumannen re minorreko pianorako Op.30 Kontzertua interpretauko dau.
Denporaldi honetako azken kontzertua, 2017ko maiatzaren 21ekoa, René Jacobs zuzendariaren esku egongo da, Helsinkiko Orkestra Barrokoagaz eta Sophie Karthäuser sopranoagaz. Joseph Martin Krausen, Wolfgang Amadeus Mozarten eta Ludwig van Beethovenen lanak eskainiko ditue.