Sei hileko lanen ostean, itxura barritua eta museoko piezak jasoteko baldintza aproposagoak daukaz klaustroak. Batez be, Mikeldi ezaguna hobeto babesteko neurriak hartu dira. Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea bertan dirala, ekitaldi bategaz ospatu dabe klaustro barrituaren inaugurazinoa Euskal Museoan.
Klaustroaren erdi-erdian dago Mikeldi izeneko idoloa, Euskal Museoaren pieza esanguratsuenetako bat. Abere itxurako historiaurreko figurea da, harrizkoa. 1864an topau eben Durangaldean. Betidanik, museoko arduradunen kezka nagusietako bat izan da eskulturea egoera onean mantenidutea. Egindako lanei esker, hezetasunetik babestuago egongo da aurrerantzean.
Eskulturearen kapilaridadearen ondorioz sortutako inpregnazinoa ezabatu eta Mikeldi hezetasunetik babesteko neurriak hartu ditue adituek, sei hileko lanetan. Klaustroa barritzeko orduan, hainbat erespide kontuan hartu ditue: Patioaren azpiko andel zaharra kendu egin da, kareharrizko harlauzak ipini dira lurrean, zementuzko morterodunak, eta, bide batez, Gurutze kaleko sarbidea araudira egokitu dabe, arrapala bat ipinita. Klaustroaren zimenduak eta eskulturearen ainguraketea aztertu dira, Mikeldiren konserbazinorako datu gehiago eukiteko asmoz.
Foru Aldundiko eta museoko adituek obrearen jarraipen batzordea eratu eben, obreari jarraipena egin ahal izateko. Era berean, Gondra&Barandiaran fundazinoak laguntzinoa emon dau obrea gauzatu ahal izateko.