Maitasunaren ostean, maitasuna antzezlanak irabazi dau Donostiako Udaleko Euskera Zerbitzuak eta Donostia Kulturak antolatutako XVI. Donostia Antzerki Saria. Saria emoteko ekitaldia martiaren 27an, Antzerkiaren Nazinoarteko Egunean egingo da, 20:00etan, Victoria Eugenia antzokian. Ekitaldiaren hasieran saria emongo da eta ondoren lan irabazlea eskainiko da.
Ados Teatroa konpainiaren lan ezaguna da orain saritua, ezaguna, eta oso berezia, sarri landu izan dan gai bati, alzheimerrari eta gaixotasun horrek dituan eraginei modu berezian heltzen deutsolako, zuzendari lanak be beregan hartu dituan Garbi Losadaren testua eta Dora Salazar margolariaren lan plastikoa buztartuz, hain zuzen be.
Epaimahaiaren esanetan, sorkuntza lan bikaina da, irudia eta soinuaren bidez ikusgarritasuna eta hunkigarritasuna eragiten dauena. Antzerkiaren eta pinturearen arteko buztarketea oso egokia da, eta horren bidez lan poetiko eta hunkigarria eskaintzen dabe. Batez be nabarmentzekoak dira Dora Salazar artistearen irudi apartak eta Javier Asinen musika bikaina.
Gaiari jagokonez, alzheimerra askotan erabilitako gaia bada be, abilezia handiz landuta dago, bai interpretazinoaren aldetik eta bai eszenaratzearen aldetik be. Ekarpen barriak egiten ditu eta oso sinisgarria egiten da, gaztetasuna eta zahartzaroaren arteko desbardintasunak era egokian adierazoten baititu. Aktoreek lan sendoa egiten dabe, istorio hunkigarriari behar bezela eutsiz eta ikuslea erabat harrapatuz. Era berean, testurik bako tarteek be indar handia dabe, irudiak eta soinuak antzokiaren berezko ahalmena leherrarazoz eta sensazino boteretsuak eraginez. Laburbatuz, oso lan hunkigarria da, publikoarengana zuzen-zuzenean heltzen dana.
Garbi Losada da testuaren egitea eta antzezlanaren zuzendaria. Aktoreak, barriz, Ane Gabarain, Dorleta Urretabizkaia eta Sara Cozar dira. Laurek jaso dabe saria Miren Azkarate Donostiako Udaleko zinegotziaren eskutik. 2001 urtetik euskerazko antzerkia sustatzeko emoten dan saria irabazi dauen taldeak 10.000 € eta Baroja Colleten artelana jaso ditu. 8.000 euro eskuratuko ditu eta ganerako 2.000 jasoteko, 2018. urtea amaitu aurretik euskerazko antzerki lan barri bat eskaini beharko dau Donostian. Horrezaz gan, ikuskizun barri hori preparetako aste bi egin ahal izango ditue iparraldeko Harri Xurin dagoan produkzino gunean gastu guztiak ordainduta. Harri Xuri produkzino gunea sormena lantzeko eta sustatzeko gunea da eta bertan leku berezia eskaintzen jako euskerazko sorkuntzeari.