Abenduan gauzatzea espero dan Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren egitasmoaren zehaztasunak eta gizarte eragileek ekarpenak zelan egin leikiezan azaldu eben atzo Bilboko Kafe Antzokian, Kontseiluaren idazkari nagusi Paul Bilbaok eta Donostia 2016ren kultur programearen zuzendari Xabier Payak. Zezeilaren 24an hasi ziran berbaldiak eskaintzen, martiaren 4ra bitartean. Momentuz, 5 berbaldi emon ditue Baiona, Donostia, Gasteiz, Bilbo eta Iruñean.
Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Donostia 2016 Fundazinoak alkarlanean abiarazotako Protokoloari buruzko berbaldi-aurkezpenek interes handia piztu dabe gizarte eragileen artean.
Xabier Payaren berbetan, ez dogu ahaztu behar hizkuntza eskubideak giza eskubideakaz lotuta dagozala. Europak gero eta hizkuntza gehiago ditu eta ikasi behar dau guztien arteko orekea bilatzen.
Paul Bilbaok esan ebanez, protokolo hau gizarte eragileen ahalduntze historiko baten ondorioz sortuko dogu, hain zuzen be Europan benetako hizkuntza aniztasuna eta hizkuntza bardintasuna bermatzeko neurriak zehaztuko doguzalako. Salto egingo dogu orain hogei urte Bartzelonan onartutako Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibersaletik Donostiako Hizkuntza Eskubideen Bermerako Protokolora. Orduan autortu jakuzan eskubide horreek zelan bermatu behar diran zehaztuko dauen tresna bat osotuko dogu.
Kontseiluaren idazkari nagusiak azaldu eban abendurako prest izango dan Protokoloaren muina. Gizarte eragileen ekarpenak funtsezkoak dirala nabarmendu eban eta Protokoloa horreen ahalduntze historikoa izango dala iragarri.
Kontuak kontu, Europa osoko gizarte eragileakana heldu gura dabe horixe izango dalako Protokoloaren benetako balioa. Horregaitik www.protokoloa.eus atarian ekarpenak jasoteko aplikazino bat martxan dago, hemendik eta maiatzera bitartean norbanakoen eta erakundeen ekarpenak jasoteko. Gida liburu bat be argitaratu dabe ekarpenak zelan egin azaltzen dauena.