Susana Talayeroren ia hiru hamarkadako lana ipini dau ikusgai Bilboko Arte Eder Museoak

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko mar. 7a, 09:00

1987tik gaur egunera arteko ehun lan inguru batu ditu Bilboko Arte Eder Museoak, Susana Talayero bilbotarrari eskainitako Kronika geldiezina erakusketan. Ohiko atzera begirakoa baino, artisteak bere ibilbidean euki dituan kezkak eta lan egiteko modua dira ardatza. Estudiotik museorako aldaketea eta obrak bizirik manteniduteko erronkea gogoz hartu dituala dino Talayerok.

Koadroak eta artisteak bere ibilbidean pilotu dituan objektuen collage-ak dira, gehienbat, erakusketako artelanak, eta bideo bat be badago. Artelan asko lehendik erakutsi bakoak izan dira, edo aspalditik gordeta egon diranak. Arte Eder Museoaren jaubetzako hiru pieza be badagoz. Hiru ataletan banatu ditue obrak: Erroma, Lorategia eta Buruhandiak.

Lehenengo zatian, Susana Talayerok Erroman sortutako piezak batu ditue. Izan be, artistea Italiako uriburuan bizi izan zan 1987tik 1995era. Lorategia izeneko atala, horma osoa hartzen dauen instalazinoa da. Talayerok 1999 eta 2009 urteen artean sortutako hainbat koadro alkarregaz hartu-emonean ipini ditu. Amaitzeko, Buruhandiak atalean, pieza barrienak dagoz, formatu ugaritan.

Aimar Arriola erakusketako komisarioak azaldu dauenez, ez dabe atzera begirako kronologikoa egin nahi izan. Artistearen lanaren alderdi batzuk nabarmendu nahi izan doguz, ibilbide osoa erakutsi beharrean. Talayeroren obran behin eta barriro errepetiduten diran ezaugarriak erakutsi nahi izan dituela ganeratu dau Arriolak, Esperimentazinoa, forma organikoen erabilerea eta abar sarritan agiri dira artelanotan.

Esperimentazinoaren barruan, koadroak lurrean sortzeko Talayerok daukan jokerea azpimarratu dau komisarioak eta Erroma atalean garbi ikusten da hori, obra batzuk ez dagozalako horman, lurrean baino. Forma organikoen artean, lorek pisu handia daukie artistearen obran.

Talayeroren obrek aretoko hormak eta lurraren zati bat hartzen dabe, alkarren artean ia espaziorik itxi barik. Obrak alkarren alboan pilotuta, osotasun koloretsua lortu dau artisteak. Ikusleak ibilbide zirkularra egiten dau, aretoaren puntu baten hasi eta bertan amaitzen dana eta holan konturatzen da Talayeroren lanean ezaugarri batzuk eten barik errepetiduten dirala, 1980ko hamarkadan zein gaur egun.

Talayeroren esanetan, erronka handia izan da hiru hamarkadako lana berreskuratzea. Aretoa okupau nahi izan dot, lana bizirik egotea bilatu dot, berba egin daiala, azaldu dau. Estudioko energia museora eroan nahi izan dau. Izan be, horixe izan da Talayeroren erronka nagusia: Estudiotik kalera, kasu honetan museora, transizinoa egitea, obrak eremu pribadutik publikora ataratea. Mobimendu hori da erakusketearen ardatza, ganeratu dau. Erakusketearen izenburua be kontzeptu horretan oinarritzen da.

Gaur eguneko euskal artisten belaunaldiko artistarik nabarmenenetakoa da Susana Talayero, Juan Viar Arte Eder Museoko zuzendariak adierazo dauenez. Kronika geldiezina bagilaren 6ra arte egongo da ikusgai, Bilboko Arte Eder Museoko 33. aretoan.

Osorik irakurri