Oionen bertsotan gozau eta gozau, musikeagaz buztartuta, Arabako hegoaldera heldu da astegoienean Kuadrilla artekoa. Arabako Errioxako Txandrio bertso-eskoleak antolatuta, egun osoko topaketea izan da Oionen. Lau talde ibili ziran egun osoan zehar: poteoa goizean, bazkaria, eta bertso-saio musikatua arratsaldean.
Zapatuan, Arabako Errioxako bertso-eskoleak Arabako Bertso Kuadrilla artekoaren 6. topaketearen antolakuntzearen ardura beregan hartu eban. Sei topaketa antolatu dira aurtengo edizinoan, Arabako 6 eskualdetan, eta atzo Oionera heldu zan Kuadrilla artekoa; azken topaketa honetan be Kuadrilla artekoan agiri dan sensazinoa errepetidu zan: taldeka bertsotan gozau eta ondo pasetea.
Topaketa honetan parte hartu eben 4 taldeek, herriko plazan hitzordua hartuta, bertso-triki poteori ekin eutsien eguerdi partean. Bertako eta Vianako kidez osotutako Oiana Triki Sound Band taldeagaz batera tabernaz taberna ibili ziran, librean, ondorengo 4 taldeetako kideak:
- Aramaioko Elexpuru ta 4.
- Lautadako Sorginetxe.
- Arabar Errioxako Txandrio.
- Mendialdea.
Arabako Errioxako ardaoak lagun izan zituen poteoan, eta baita Azkenak alkartean preparautako bazkaria be. Bazkaldu ostean Oiongo San Vicente Ikastolako 1.DBHko ikasleek Emakumeak libre garen egunean bertso-sorta idatzia kantau eben. Ondoren, Mendialdeko bertso-eskolako kideek teknologia barrien inguruan kantau eben.
Jarraian, bat-bateko saio musikatuan Arabako Errioxako bertso-eskolako kide diran Alazne Garziak eta Arantxa Sobrinok atondutako bat-bateko saioan gaiak, doinuak eta kantau behar eben taldeen konbinazinoa globoetan gordeta aurkeztu zituen, beraz, zoriak erabagiten eban nork kantau, doinua eta gaia.
Gitarra, kajoi eta armonikeagaz lagunduta ariketa desbardinetan ibili ziran bertsotan, eta hainbat doinu erabili zituen: Guantanamera, No woman no cry, Volando voy, Ai zapotxin, Sorterriko koplak…
Bertsotan gozau eben talde guztietako kideek, eta hurreratu ziranek be ederto pasau eben. Musikeak oso atsegina egin eban bertso jarduna.
Bertso-eskoleak eta Oiongo Udalak erregalautako ardaoagaz pozik, Argantzunen, martiaren 12an, alkar ikusi arte agurtu eben parte-hartzailek; finala jokatuko da Argantzunen, goizeko 11:30etik aurrera.