Koldo Zuazo: 'Euskalkiak galtzen diranean, euskerea bera galtzen da'

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko mar. 7a, 00:00

Euskalkiak eta herrietako hizkerak ikertzen ibili da aspaldiko urteotan Koldo Zuazo hizkuntzalari eta EHUko irakasle eta euskaltzain urgazle eibartarra. 1998an aurkeztu eban euskerearen dialektoen mapa gaurkotua eta, harrezkero, euskalkiez dagoan ezagutzea zabaltzen ibili da.

Orain, euskalkien eta herrietako hizkeren aberastasuna gizarteratzeko asmoz, Euskalkiak.eus webgunea martxan ipini dau, beste hizkuntzalari batzuen laguntzinoagaz. Euskalkien sailkapenaz eta jatorriaz dagozan teoriak, dialekto bakotxaren ezaugarriak, hiztunen bideoak eta abar dagoz webgunean. Eguenean, martiak 10, Bilbon aurkeztuko dau Euskalkiak.eus eta horren atxakian egin dogu berba Zuazogaz.
 

1.- Zein helburugaz ipini dozue martxan Euskalkiak.eus?

Uste dogu euskalkiak oso baztertuta dagozala, ez doguzala aintzakotzat hartzen. Eskolan ez dira lantzen eta eskolatik kanpo be ez. Galtzeko arriskua dago eta, euskalkiak galtzen diranean, euskerea bera galtzen da. Euskalkien aldeko aldarria egitea da gure asmoa. Dana dala, euskalkiakaz batera, euskerea osotasunean landu nahi dogu, baita euskera batua bera be. Azken baten, bai batua eta bai euskalkiak hizkuntzearen zati dira eta, hizkuntzea osasuntsu egongo bada, zati guztiak egon behar dira sendo.
 

2.- Adituentzako webgunea da ala edozein euskaldunentzat aproposa da?

Edozein euskaldunentzako. Jakina, hizkuntza gaiak gustoko izan behar dira. Webguneko zati batzuk teknikoagoak dira. Esate baterako, euskalkien ezaugarriak erakutsi doguzanean, terminologia gramatikala erabili beharra euki dogu, baina gauzak argi adierazten ahalegindu gara.
 

3.- Ze euskalki eta azpieuskalki dagoz gaur egun?

Euskalkiak bost: mendebalekoa, erdialdekoa, nafarra, nafar-lapurtarra eta zuberotarra.

Azpieuskalkiak hamaika: mendebalekoan bi (sartalde eta sortaldea), erdialdekoan hiru (sartalde, erdigune eta sortaldea), nafarrean lau (ipar-sartalde edo Bidasoaldea, hego-sartalde edo Sakana, erdigunea eta sortaldea) eta nafar-lapurtarrean bi (sartalde eta sortalde). Zuberotarra oso homogeneoa da.

 

4.- Euskalkien jatorriaz eta sailkapenaz teoria ugari egon dira historian zehar, ezta?

Jatorria dala eta, beti uste izan da oso aspaldikoak dirala. Antxinako leinuakaz lotu dira eta leinuak erromatarrak etorri aurrekoak ziran.

Hiru sailkapen aurkeztu dira: Oihenart zuberotarrak egin eban lehenengoa, XVII. mendean; Larramendi gipuzkoarrak bigarrena, XVIII.ean eta Bonapartek hirugarrena, XIX. mendean. Egia esan, Bonaparte izan zan Euskal Herria eta euskerea bere osotasunean ezagutzen lehenengoa; haren sailkapena da zuzenen egindakoa.

 

5.- Zuk dinozu euskalkiak Erdi Aroan hasi zirala alkarrengandik bereizten. Zertan oinarrituta atara dozu ondorio hori?

Eretxi hori Mitxelenak erakutsi eban 1981ean. Harek ikusi eban latinetik hartutako berba ugariak modu berezian egokitu zirala euskerara, baina modu berezi hori Euskal Herri osoan zala berbera. Esate baterako, euskeraz bake esaten da. Euskeraz baino ez da holan esaten, baina euskalki danetan esaten da bardin. Mitxelenak esan eban euskalkiak aspaldikoak izan baziran, hori berbaori desbardin esango zala euskalkien arabera.

Adibide bategaz azalduko dot: Meloi berbea lau modutara esaten dogu euskaldunok: meloi, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; melona, Nafarroan; meloina, Nafarroa Beherean eta Lapurdin; eta melú, Zuberoan. Zergaitik hori? Ba, hori berbaori heldu zanerako euskalkiak baziralako. Eta ostera, latinetik hartu doguzan berba ugariak euskalki danetan esaten dira bardin; oraindik euskalkiak sortu barik egozan seinale.

 

6.- Hiriguneetatik zabaldu ziran euskalkien gaur eguneko ezaugarriak, zelakoa izan zan prozesu hori?

Emoten dau Nafarroako Erresumea makaldu zanean, euskaldunen arteko loturea eta kohesinoa apurtu egin zala. Alde batetik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, Nafarroatik aldendu eta Gaztelara gerturatu ziran. Iparraldeko hiru herrialdeak, barriz, Frantziara begira jarri ziran.

Bestalde, ertz biak aspalditik ibili dirala bere kasa ikusten da. Alde batetik, Araba, Bizkaia eta Deba ibarra. Bestetik, Zuberoa, Erronkari eta Zaraitzu. Bazterretako horreek euskalki biok dira berezienak.

 

7.- Gaur egun euskalkiek aldatzen segiduten dabe?

Bai, eta eskerrak! Dialektoak aldatzen ez badira, hizkuntzea hil dan seinale.

 

8.- Gizartean ze leku bete beharko leuke lekuan lekuko euskerak?

Ba, horixe: lekuan lekukoa. Euskera batua euskaldun danok alkartzen garenerako da eta mesede galanta egin deusku: gaur egun ez daukagu erderara jo beharrik alkarri ulertzeko. Baina herri euskaldunetan bertako berbetak egiten jarraitu beharko genduke. Bestalde, euskera batua erabili behar danean be, herri euskaldunetara egokitu behar genduke. Ezin da euskera batu berbera erabili Sakanako lantegi baten eta Abadiñoko beste baten. Edo Etxarri-Aranazko udaletxean, edo Abadiñokoan. Edo Sakanako aldizkarian eta Durangaldeko Anboto aldizkarian.

 

9.- Eskolan komenigarria da euskalkiak sartzea?

Herri euskaldunetan ez dago bertako berbetea zertan alde batera itxi. Sarritan gertatzen da irakaslea kanpokoa izatea eta herriko euskerea ez jakitea, baina, jakin ez arren, begirunea izan behar leuke eta ez zuzendu zuzen dagoana. Lotsagarria da Bizkaiko gazteek asteko egunen izenak ez jakitea. Lotsagarria asteartea, asteazkena… esatea eta ez jakitea eguaztena zer dan.

Esango neuke, ganera, jente askok ez dakiala euskera batua zer dan. Euskaltzaindiak argiro esan dau euskerazko berba danak dirala euskera batua. Horrenbestean, martitzena eta eguaztena be euskera batua dira.

 

10.- Euskalkia galduta dagoan eremuetan, euskalkiak zelan landu beharko litzatekez?

Sestao eta Miarritze hartuko doguz adibide. Sestao Bizkaian dago eta sestaoarrek bizkaitarrakaz ditue hartu-emonik estuenak. Horrenbestean, Bizkai aldeko berbak eta egiturak erakustea komenidu da. Esate baterako, datorren astean; orain dela aste bat; etxetik dator… moduko egiturak erabili beharko litzatekez. Aldiz, Miarritzeko jenteak Lapurdi eta Nafarroa Behereko bizilagunakaz dauka hartu-emona eta han beste era bateko euskerea erabili beharko genduke: heldu den astean; duela aste bete; etxetik heldu da… Eta askotan Sestao moduko herrietan duela aste bete moduko egitura exotikoak entzuten dozuz. Jakina, holako euskerea ez da komunikatiboa.

 

11.- Sarri entzuten da euskalkiak euskera batuaren osogarri izan behar dirala. Zure ustez ze ekarpen jaso leike euskera batuak herrietako hizkeretatik?

Askotan berba barriak asmatzen doguz, euskalkietan dagoana ezagutu barik. Esate baterako, gaur egun posibilitar esateko ahalbidetu esaten dogu. Eta zelan esaten da hori euskalkian? Ba, hartu daigun erderako adibide bat: La ampliación de San Mamés ha posibilitado que 10.000 personas más asistan a los encuentros de fútbol:
Gaur egun, holantxe esaten da: San Mames handitzeak ahalbidetu du…
Eta euskalkietan beste hiru aukera dagoz:

San Mames handitzeak ekarri du…

San Mames handitzearekin batera etorri da…

San Mames handitzeari esker…

Ikusten danez, euskalkiak aintzakotzat hartuko bagenduz, ez genduke berba barri arrarorik zertan asmau.

 

12.- Beste batzuen ustez, euskerearen aurrerabiderako oztopo dira euskalkiak. Horren aurrean ze eretxi dozu zuk?

Askorendako dira euskalkiak oztopo eta horrexegaitik asmau ditue berba eta egitura barriak. Garai baten urrutizkina, akeita, orlegi… esaten genduzan. Gaur egun goian aitatu dodan ahalbidetu, edo ekidin, sukaldatu, harremandu… Zer ondorio dakar horrek? Jentea akonplejetea eta euskerea gitxiago erabiltea. Horra zein dan emoitzea!

 

13.- Beste topiko batek dino, hiztun zaharrek euskera aberatsagoa darabilela gazteek baino. Herriz herri hizkerak ezagutzen ibilia zara zu, holakorik nabaritu dozu?

Hizkuntza ondo edo txarto erabiltea ez da edade kontua. Ondo berba egitea persona batzuek daukien dohaina da, izan zahar edo izan gazte. Badira ederto berba egiten daben gazteak eta badira zatarto egiten daben helduak.
 

14.- Gaur egun, euskera batua bera be ez da bardina leku batetik bestera, ezta?

Niri askotan bardinegia begitantzen jat. Hemen Bizkaian, esate baterako, berba exotiko larregi entzuten dira: agian, noski, sobera… Hobeto izango litzateke bertoko betiko euskeratik gertuago ibiliko bagina.

 

15.- Ze etorkizun ikusten deutsazu euskalkiari datozan hamarkadetan?

Geure esku dago. Nik neuk, orain daukana baino etorkizun hobea opa deutsot eta horretarako plazaratu dogu geure webgunea.

Osorik irakurri