Laura Freixas eta Anna Caballe idazleek literatur produkzinoan dagoan genero bardintasuna aztertuko dabe

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko mar. 7a, 00:00

Eztabaidak literatureagaz, jentaurreko alkarrizketa lasaiaren bitartez literaturako zenbait gai jorratzeko proposamena dakarren Bidebarrieta Kulturgunearen ekimenak, Laura Freixas eta Anna Caballé idazleak alkartuko ditu martiaren 8an, martitzenean, Emakumearen Nazinoarteko Egunagaz bat etorriz, literaturearen alorrean dagoan benetako genero bardintasuna aztertzeko. Topaketea Arantxa Urretabizkaia idazleak gidatuko dau. Ohikoa danez, topaketea arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrerea librea izango da leku guztiak bete arte. Ezin izango da aretora sartu ekitaldia hasi ondoren. 

Emakumearen Nazinoarteko Egunean, hilero literatureagaz dogun hitzordura konbidautako emakume idazleek begiradea emongo deutsie, idaztea eta, batez be argitaratzea, emakumeentzat ze gatxa izan dan argi eta garbi erakusten dauen historiari. Abiapuntu horretan oinarrituz, literatur sistemearen barruan egun emakumeek bizi daben egoerea azaltzen ahaleginduko dira, eta baita beste gai batzuk be, emakume izateak idazten dan horretan dauen eragina, testu anonimo batean emakumearen eskua ikus daitekeen ala ez, ezarritako kanonak eta irakurleen gustuak eta euren sexu bereko idazleek idatzitakoa nahiago daben ala ez.

Laura Freixas (Bartzelona, 1958) editore, literatur kritikari eta itzultzailea Zuzenbidean lizentziau zan 1980an, baina idaztea izan da beti bere lanbidea. 1988an egin zan ezaguna El asesino en la muñeca kontakizun bildumeagaz. 1997an, Último domingo en Londres lehenengo eleberria argitaratu eban, eta haren ondoren, Entre amigas eta Amor o lo que sea etorri ziran. Beste kontakizun liburu bat eta autobiografia bat, Adolescencia en Barcelona hacia 1970 (2007) be argitaratu ditu. Argitaratu dauen azken liburua Una vida subterránea. Diario 1991-1994 (2013) da.

Narrazinogintzan egin dauen lanagaz batera, Laura Freixasek lan handia egin dau emakumeek idatzitako literaturearen aztertzaile eta sustatzaile legez. 1996an, Madres e hijas, emakume idazle espainiar garaikideen kontakizunen antologia koordinau eta hitzaurrea idatzi eban, eta 2000. urtean, Literatura y mujeres saiakera lan garrantzitsua argitaratu eban. 2009an, antzeko ezaugarriak dituan Cuentos de amigas antologia kaleratu eban, eta baita La novela femenil y sus lectrices (Leonor de Guzmán Saria) lana be.

Anna Caballé, bere aldetik, Espainiar Literatura irakasle titularra da Bartzelonako Unibersidadean, eta Azterlan Biografikoen Unidadeko, DGICYT-ek (Hezkuntza eta Zientzia Ministerioa) finantzatzen dauen ikerketa zentroko arduraduna. Izan be, bere ibilbide akademikoa idazketa autobiografikoa berreskuratzera eta aztertzera zuzendu dau. Dokumentu biografikoaren izaereari eta haren sorkuntzeari buruzko saiakerak eta Francisco Umbral edo Carmen Laforet lako egile handien biografiak argitaratu ditu. 2009an, Gazel saria irabazi eban Una mujer en fuga liburuagaz.

Horrezaz gan, bere lan akademikoetako askotan emakumearen lekua aztertzen dau, El bolso de Ana Karenina (2008) liburuan, besteak beste. Bertan, Marie Clarie aldizkarian argitaratutako bere testuak berreskuratzen ditu, historiak, harrigarria bada be, ahaztu dituan emakumeen biografia laburrak aurkezteko, kronika legez. Nor garen jakiteko ezinbestekoak izan diran emakumeak, sarritan topikoak eta arauak apurtu zituen emakumeak, hain zuzen be.


Hamargarren edizinoa

2007ko urtarrilean Eztabaidak literatureagaz egitaraua martxan jarri zanetik, 270 egile inguruk hartu dabe parte ekimenean, eta 8.500 plagun baino gehiago bertaratu dira. Denpora tarte horretan, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak hainbat idazle bikoteren arteko alkarrizketak jaso ditu, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte, besteak beste.

Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena, idazleakana hurreratzeko modu barria da, jentaurreko alkarrizketearen edo eztabaidearen bitartez, aurretik proponidutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua literatureagaz alkartzeko topalekua eskaintzea da, bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitekturea, musikea, bidaiak edo matematikak, besteak beste), edo literaturearen genero batean oinarrituz, genero horretan sakonduz, egileen eskutik.

Osorik irakurri