Bilboko Orkestra Sinfonikoaren kontzertuek 108.000 entzule izan zituen igaz

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko mar. 10a, 08:00

Aurreko urtean baino abonu gehiago saldu zituan 2015ean Bilboko Orkestra Sinfonikoak, Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputaduak Batzar Nagusietako agerraldian azaldu dauenez. Era berean, BizkaiKOA sareko museoek bisitari gehiago euki zituela eta Euskalduna jauregiaren jarduna arrakastatsua izan zala be esan dau Bilbaok.

Batzarkideen aurrean agerraldia egin dau Lorea Bilbaok, Foru Aldundiaren menpeko erakunde batzuen 2015eko balantzearen barri emon eta oposizinoko alderdien zalantzei erantzuteko. Lehenik eta behin, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren datuak emon ditu. Igaz 108.000 entzule joan ziran BOSen kontzertuetara eta abonuen kopuruak % 11 egin eban gora aurreko urteagaz alderatuta.

Bilboko Orkestra Sinfonikoak 1.500 abono arrunt saldu zituan igaz. Horri gehitu behar jakoz 24 enpresa laguntzaile, 34 gaikako abono, 163 zentro laguntzaile eta opari-bono bi.

Ohiko kontzertuez aparte, tailerrak, grabazino bereziak eta abar be egin zituan Bilboko Orkestra Sinfonikoak. Umeei musikea hurreratzeko programak bultzatu zituan. 14 bira eta 111 emonalditan parte hartu eban igaz.

Museoak

BizkaiKOA museoen sarea hazten dagoan erakundea dala eta oraindino proiektua ez dagoala finkatuta gogoratu eragin deutse Lorea Bilbaok batzarkideei. Halandabe, 2015a urte ona izan zan sare horretako museoentzat. Bisitarien kopuruak % 30 egin eban gora, 2014agaz alderatuta. Kontuan izan behar da, 2015ean beste hiru zentrok bat egin ebela BizkaiKOAgaz, El Pobal burdinoleak, La Encartada fabrika-museoak eta Museo Arkeologikoak.

Bisitari gehienek balorazino ona egiten dabe BizkaiKOAko museoez, Bilbaok azaldu dauenez. Bataz beste, 9ko notea ipinten dabe eta Museo Arkeologikoak eta Santimamiñeko kobazuloek daukie notarik onena. Bisitarien perfilari jagokonez, 30 eta 45 urte bitartekoak dira ugarienak eta emakumeak gehiago joaten dira gizonezkoak baino.

Eukalduna

Euskalduna jauregiaren balantzea egiteko be aprobetxau dau Lorea Bilbaok Bizkaiko Batzar Nagusietako agerraldia. Biltzar jauregiaren datuak bikainak izan dirala dino, arlo guztietan. Euskalduna zabaldu zanetik, daturik onenak izan ziran 2015ekoak, Bilbaoren esanetan.

Okupazinoa % 94koa izan zan: 795 ekitaldi antolatu ziran Euskaldunan eta 567.000 bisitari jaso zituan. Mila parte-hartzailetik gorako zortzi biltzar handi jaso zituan. Aurtengo helburua igazko horreek datuak bardintzea izango dala dino Kultura diputaduak.

Osorik irakurri