10 eta 17 urte bitarteko gazteentzako sariketea da R. M. Azkue eta poesia zein narratiba arloko kategoriak daukaz. Guztira, 12 saritu egon dira, A eta B mailak kontuan hartuta. Euskaltzaindiagaz batera, BBK Fundazinoak bultzatzen dau lehiaketea, gazteen artean literaturarako zaletasuna eta euskeraz idazteko ohiturea zabaltzeko.
Urtero legez, aurten be literatureagaz lotutako adituak egon dira Euskaltzaindiak aukeratutako epaimahaian: Yolanda Arrieta, Igone Etxebarria eta Manu Lopez Gaseni A mailan eta Miren Billelabeitia, Amaia Jauregizar eta Jabier Rojo Cobos B mailan.
A mailan 10 eta 13 urte bitarteko gazteak lehiatu dira. Narratiban, Edurne Bastida Larrea azpeitiarra izan da irabazlea eta poesian, Naroa Muñoz Olaizola, hau be azpeitiarra. B mailan, 14 eta 17 urte bitartekoetan, Pasai Antxoko Olaia Gerendain Ruiz de Gaunak irabazi dau narratibako lehenengo saria eta Idoia Granizo Uribarrenak olerkien atalekoa.
Kalidade handiko lanak aurkeztu dirala aitatu dau Euskaltzaindiko Erramun Osak sari-banaketa ekitaldian. Gazteen ganean dagozan topikoak apurtu ditue, gaiak sakon aztertuta eta idazkera ona erabilita, azpimarratu dau Osak. Adolfo Arejita irakasle eta euskaltzainak sariketearen garrantziaz egin dau berba: Euskaltzaindiaren lana ez da euskerea aztertzea bakarrik, literaturea be landu behar da, hizkuntzea edertzeko.
Hamabi sarituen artean, gehienak gipzukoarrak dira, zortzi. Nafar bi eta arabar eta bizkaitar bana be badagoz. Halandabe, daturik deigarriena da irabazle guztiak neskak izan dirala. Horren harira, Adolfo Arejitak aurreko mendeetako emakumezko idazleak gogoan hartu nahi izan ditu, Errose Bustintza eta Bizenta Mogel adibidez.
Sarituak:
A MAILA-NARRAZINOA
Lehen saria: Itsasoari begira. Egilea: Edurne Bastida Larrea (Azpeitia - Gipuzkoa). Azpeitiko Urola ikastolea. Irakaslea: Mikel Sarasua
Bigarren saria: Obsesioa. Egilea: Naia Aiestaran Iparragirre (Beasain - Gipuzkoa). Beasaingo Bigarren Hezkuntzako Institutua (BHI). Irakaslea: Joxemari Urrestarazu
Hirugarren saria: Bizitzaren margoak. Egilea: Elene Etxaniz Uribe (Ondarroa - Bizkaia). Ondarroako Zubi Zahar ikastolea. Irakaslea: Noemi Uribe
A MAILA-OLERKIA
Lehen saria: Hareazko erlojua. Egilea: Naroa Muñoz Olaizola (Azpeitia - Gipuzkoa). Azpeitiko Urola ikastolea. Irakaslea: Mikel Sarasua
Bigarren saria: Barkamenaren hazia. Egilea: June Manjarrés Castro (Oiartzun - Gipuzkoa). Oiartzungo Haurtzaro ikastola. Irakaslea: Maider Lekuona
Hirugarren saria: Haizearen xuxurla. Egilea: Edurne Bastida Larrea (Azpeitia - Gipuzkoa). Azpeitiko Urola ikastolea. Irakaslea: Mikel Sarasua
B MAILA-NARRAZINOA
Lehen saria: Isiltasunean lagun. Egilea: Olaia Gerendiain Ruiz de Gauna (Pasai Antxo - Gipuzkoa). Pasaia-Lezo Lizeoa. Irakaslea: Julen Ezkurdia
Bigarren saria: Gezurra. Egilea: Maddi Aiestaran Iparragirre (Beasain - Gipuzkoa). Beasaingo Bigarren Hezkuntzako Institutua (BHI). Irakaslea: Joxemari Urrestarazu
Hirugarren saria: Hitzez sortutako bidaia. Egilea: Zuriñe Ruiz Muruzabal (Pasai Antxo - Gipuzkoa). Pasaia-Lezo Lizeoa. Irakaslea: Julen Ezkurdia
B MAILA-OLERKIA
Lehen saria: Hitzak hots. Egilea: Idoia Granizo Uribarrena (Altsasu - Nafarroa). Altsasuko Bigarren Hezkuntzako Institutua (BHI). Irakaslea: Ekaitz Goikoetxea
Bigarren saria: Tonalitate bakarra. Egilea: Irene Nogueira Ureña (Legutio - Araba). Duranako Ikasbidea ikastolea. Irakaslea: Itsaso Azkarraga
Hirugarren saria: Heldutasuneranzko bidean. Egilea: Saioa Ventura Iturralde (Eugi (Esteribar) - Nafarroa). Burlatako Askatasuna Ikastetxea.