BilbaoEszenak bariku honetara, martiaren 18ra, aurreratuko dau aurten Aste Santuagaz bat egiten dauen Antzerkiaren Mundu Egunaren ospakizuna, BilbaoEszenako hiru espaziotan, eta bi emonalditan, antzerki laburreko hiru pieza aldi berean eskainiko dituan saio bereziagaz.
Eszenatokiak eta besaulki patioak osotutako ohiko eszenan jesartea apurtuko dauen eta ikuskizuna jarraitzeko ikus-entzulea areto batetik bestera mobidutera behartuko dauen ekimenaren helburua arte eszenikoetako profesionalak eta zaletuak espazio berean batzea da, ikuskizunez gozeteaz gan, barriketaldia be izan deien egileakaz. Eta, amaitzeko, jaiaren amaieran, aurten Anatoli Vassiliev antzerki zuzendari errusiarrak sinatuko dauen Antzerkiaren Mundu Egunaren Adierazpena irakurriko da.
Kontuak kontu, BilbaoEszenako (Santutxuko Juan de Gardeazabal, 3) areto nagusian, 19:15etik aurrera egingo jake harrerea bertaratutako guztiei, eta bertatik aukeratutako espaziora joango dira. Emonaldi bakotxaren ondoren euren hasierako lekura bueltauko dira, prozesua errepetiduteko, holan zirkuitua eratuz eta persona bakotxari lan bi ikusteko aukerea eskainiz.
Antzerki proposamenei jagokenez, Dame venenoren Delirios de grandeza ikus-entzule helduei zuzendutako antzezlana da, eta umorean oinarrituta, Judit Lorenzo eta Ana Furones antzezleek bizitzearen iraganari, errealidadeari edo amesei buruzko gogoetea egingo dabe.
Happy Enden Suicidio en 15 minutos lana, bere buruaz beste egitea erabagi dauen bikote batek ikus-entzuleak amaiera hori ikustera konbidau nahi dauen komedia baltza da, momentu hori ikuskizun komiko bilakatuz.
Amaitzeko, Sinreverse konpainiak Desagrégame o apriétame más fuerte lana aurkeztuko dau.
Ekimen honetan parte hartuko daben hiru konpainiak aspaldiko ezagunak dira Bilboko Udalaren Bilboko Zirkuitua programearen barruan. Programa horretan, uriko antzerki talde amateurrei edo erdi profesionalei aukerea emoten jake euren lana ikus-entzuleen aurrean aurkezteko.
Bilboko Udalak bat egiten dau sektoreko eragile nagusiekaz batera, 1961ean, Antzerkiaren Nazinoarteko Institutuak (ANI-IIT) sortu eban Antzerkiaren Mundu Egunaren ospakizunagaz. Martiaren 27an egiten da urtero, eta arte eszenikoakaz lotutako hainbat ekitaldi antolatzen dira. Elementu garrantzitsuenetakoa mezu ofizialaren irakurketea izaten da. Gehienetan, mezu hori, ANI-IIT-k konbidautako persona garrantzitsuren batek idatzitakoa izaten da. Adierazpena 20 hizkuntza baino gehiagotara itzuli, eta milaka eta milaka ikus-entzuleren aurrean irakurten da, mundu osoko antzokietan eskaintzen diran lanen aurretik.
Aurten Anatoli Vasiliev dramagile errusiarrak (Danilovka, 1942), Errusiako antzerki eszenako erreferente nagusietakoak sinatu dau adierazpena. Antzerki antzezle eta zuzendari izateaz gan, telebistarako filmak zuzendu ditu eta antzerki irakaslea da. Stanislavskiren metodologiaren jarraitzailetzat hartzen da. Bariku honetan, BilbaoEszenan adierazpena irakurriko daben personak Dame Veneno konpainiako Judith Lorenzo eta Ana Furones izango dira.