Ander Berrojalbiz: 'Oraintsura arte, herejeen aurkako epaiketak tabua izan dira Durangon'

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko api. 18a, 00:00

Disziplina askotan ibilten da Ander Berrojalbiz durangarra. Azkenengo urteotan musikeagaz lotutako proiektuetan ezagutu dogu, Khantoria taldeko kidea da eta. Irakasle be badabil musika eskolan. Historia da bere beste zaletasunetako bat. Los herejes del Amboto liburuan (Pamiela), hain zuzen, bere jaioterriaren historian oso ezaguna ez dan pasarte bat ekarri dau argitara: 1500. urtean Inkisizinoak epaitutako herritarren kasua. Herejian ibiltea leporatuta, Durangaldeko 40 persona baino gehiago epaitu zituen, eta gitxienez hamaika, erreta hil zituen.

Liburua idazteko artxibo ugari arakatu dituala kontau deusku Berrojalbizek, eta 1500. urteko Durangoren ganekoak azaldu deuskuz. Era berean, gogoan izan behar da, Durangoko Arte eta Historia Museoan gaiari buruzko erakusketea dagoala ikusgai, maiatzaren 31ra arte.

1.- Zu, izatez, musikaria zara, baina liburu honek erakusten dauenez, historia zalea be bazara, ezta?

Bai, nik Historia ikasketak hasi nebazan Batxilergoa amaitu eta gero, musika-ikasketakaz batera. Gero, aukeratu egin behar eta Historia alboratu neban, musikearen mesedetan. Dana dala, beti euki dot loturea historiagaz, musikan egin dodan ibilbideak be historiagaz zerikusia dauka [antxinako musikea ikertu eta joten dabe Khantoriakoek] eta zaletasuna mantendidu dot.


2.- 1500. urtean epaitutako durangarren kasua ikertu dozu zuk eta aitatzen dozu, gertakari ezezaguna izan dala hau, Euskal Herrian eta Durangon egondako beste batzuen aldean. Zergatik dauka horren leku txikia historian 1500eko gertakariak?

Durangoko herejiaren historia 15. mendean hasi zan, 1441ean Durangoko herejeak izenagaz ezagutzen dan taldearen aurkako errepresinoa hasi zan eta hori ezagunagoa da, errepresino itzela egon zalako, 70 persona baino gehiago sutan hil zituen. Horren inguruan asko ikertu eta idatzi da, baina 1500eko gertakari horren inguruan aitamen txikiak baino ez dagoz. Nik susmoa neukan informazino gehiago egon behar zala eta holan hasi nintzan eta espero nebana baino gehiago topau neban. Hasikeran, asmoa eskuorri edo liburutxu bat egitea zan eta liburua izan da azkenean.


3.- Orain arte, adituek arinkeriaz tratau dabe 1500eko kasua, zuk zeuk esan izan dozunez.

Beti pisu handiagoa euki dau 1441eko kasuak eta beste honegaz, ostera, beti erabili izan dira ezagutzen ziran informazino apurrak. 19. mendetik etozan horreek. Artxiboetan, informazinoa argitaratu barik egon da, parte batzuk topetako erraz egon diran arren, baina dirudienez inork ez ditu bilatu. Hortik tiraka, lan sakoangoa eginda, beste batzuk be topau dodaz gero. Harritu ninduan 19. mendetik aitatzen ziran agiriak inork bilatu ez izana.


4.- Liburutegiz liburutegi ibili zara antxinako agirien eta lekukotzen bila. Zelako lana izan da hori?

Pista txiki batzuk egozan lehendik, eta nik hiru pista segidu dodaz, batez be. Batak Espainiako Liburutegi Nazionalera eroan nau, Menendez Pelayok emoten eban datu baten jatorriaren bila. Menendez Pelayok erreferentzia txarto emon eban eta agian horregaitik inork ez dau topau, baina horreekaz datuakaz topau neban eskuizkribua. Gero, Artxibo Historiko Nazionalean topau dodaz datu zehatz asko: Inkisidoreak nortzuk ziran, noz etorri ziran Durangora, zenbat kobretan eben eta abar. Ezustea hartu neban, ikusi nebanean inkisidoreetako bat durangarra zala. Beste hirugarren dokumentu bat be badago, epaitutako 24 personaren izenak emoten dituana. Hori topetea gatxagoa izan da. 19. mendetik 1990era arte, agiria non egon zan gauza jakina da, hau da, 20. mendean errazagoa zan berau topetea. Gero, eskuz aldatu zan. Azkenean, Bilboko biblioteka pribadu baten topau neban.


5.- 16. mendeko original batzuk aztertu dozuz liburua idazteko. Pentsetakoa da sasoi haretako idazkerea ulertzea ez zala erraza izango.

Bai, egia esan, 15. eta 16. mendeetako idazkera konplikadua da. Notarioek idazkera prozesala dalakoa erabilten eben eta korapilotsua da. Hor laguntzinoa euki dot, ze ni dokumentuak identifiketako gauza naz, baina ez esaten daben guztia zehastasunez ulertzeko. Paleografo talde baten laguntzinoa euki dot. Agirien argazkiak bialdu eta transkripzinoa bialtzen eusten bueltan, nik horregaz lan egiteko.


6.- Misterio bat be badago ikertutako agirietan: Luterano esaten deutsie Inkisizinoak zigortutako batzuei, eta hori kontraesan historikoa da (Epaiketea 1500ean izan zan eta Lutero 1516an hasi zan bere ideak zabaltzen). Liburuaren haria da misterio hori, ezta?

Bai, 24 izeneko zerrenda horretako izen batzuen alboan luterano izateagaitik epaitu zituela esaten da. Hori anakronismoa dala emoten dau. Baina liburuan argitu dot agiri horren benetako zentzuna, horretarako agiri originalera jo behar izan dot eta behin esku artean eukita, liburuaren ildoa bihurtu dot horren benetako zentzuna edo esanahia. Misterio hori gorde nahi dot, azalpena zein dan esan barik, holan jakinmina daukanak, liburua irakurri ahala, jakingo dau zein dan erantzuna.


7.- Durangon 1500ean epaitutakoen arteko gehienak emakumeak izan ziran. Hori datu deigarria da.

Bai, erretakoen artean hamar emakume dagoz eta gizonezko bakarra. Durangoko herejeei buruz dagozan iturri askotan agiri da emakumeek partaidetza handia euki ebela. Nik uste dot zerikusia daukala emakumeak sasoi haretan eukan egoera txarragaz. Bizkaian, 1439an, emakumeen lehenengo 'beaterioa' zalakoa sortu zan. Alargunak, ezkonbakoak, ezkondu nahi ez ebenak eta abar batzen ziran hor eta, holan, antolatzeko era bat topau eben, euren autonomia manteniduteko. Talde heretiko honek be, seguruenez, autonomia hori indartzen eban eta agian horregaitik, emakumeek euren burrukarako tresnatzat hartu eben.


8.- Durangora 1441ean heldu zan Inkisizinoa, gero 1500ean eta ondoren be, 1507tik aurrera, epaiketa gehiago egon ziran. Inkisizinoak bisita asko egin zituan Durangora, zergaitik?

Uste dot jatorria 1441ekoan dagoala. Orduko kasua monje frantziskotar batzuek ekarritako ideen ondorioa izan zala emoten dau eta baleiteke 1500ekoa aurreko herejeen jarraitzaileak izatea. 1507koa sorgin-ehiza baten barruan jazo zan eta ez zan Durangora bakarrik mugatu, Bizkai osora baino, eta agian Gipuzkoan be bai. Baina Inkisizinoa leku ezagun batera etorri zan, Durangora, urte gitxi lehenago be han egon zalako. Hirugarren aldi horretan ez eben Durangoko jentea bakarrik epaitu. Adibidez, Mungiako emakume baten epaiketearen lekukotzea gordeten da.


9.- Durango moduko herri batera Inkisizinoa heltzea gertakari ikaragarria izango zan.

Oso egoera berezia eta, azken finean, bildurgarria izan zan. Errege-erregina Katolikoen Inkisizinoaren lehenengo urteak ziran (1478an sortu zan, aurreko Inkisizinoaren ordez) eta hasikerako urte hareek izan ziran bortitzenak. Zilegitasuna bilatzen egoan erakundea zan, hereje eta juduen aurkako burrukan eredua ezarri nahi eban. Esanguratsua da, Inkisizinoa sortu zanean, erakunde barri horren beharra justifiketako orduan, Durangoko herejeak aitatu zituela. Durango ondo jagonda euken, antza. Sasoi haretan, 2.500 biztanle inguruko herria zan eta holako epaiketa bat egitea bildurgarria izango zan, Inkisizinoaren metodo eta bitartekoak kontuan hartuta: salaketa anonimoak, torturea eta abar.


10.- Gaur eguneko durangarrek badaukie interesik Inkisizinoak herrian egindako epaiketetan?

Ez da Durangon zabal-zabal ezagutzen dan kontu bat, baina jenteak gero eta gehiago daki horri buruz. Durangoko Arte eta Historia Museoak 2007an argitaratu eban Durangoko herejeen inguruko liburu bat, hau da, 15. mendeko gertakarien ganekoa. Jente gehienak zeozer badaki eta badago jakimnina. Aurreko baten, liburudenda batera joan zan gizon bat, nire liburuaz galdezka. Arrazola zan bere abizena eta, hain zuzen, abizen hori eukan persona bat erre eben 1500ean. Goienkalen eta Artekalen bizi zan jentea epaitu eben eta hareen abizen batzuk manteniduten dira Durangon gaur egun.


11.- Hurrengo belaunaldiei hareek gertakariak azaltzeko lan nahikorik egiten da, batez be memoria gordetearen ikuspegitik?

Gertatzen dana da, oraintsura arte, 20. mendearen hasikerara arte, gai hau tabua izan zala Durangon. Herrian herejeak egon izana lotsagarritzat joten zan. Atara kontuak, herriko artxibategian egozan agiri bi, epaiketei buruzkoak, ostu egin zituan baten batek, 20. mendearen hasikeran. Epaituen izenak agiri ziran han eta horregaitik desagerrarazo zituen. Ez dakigu zer jazo zan agiri biokaz. Francoren diktadurearen sasoian zeozer egin zan gaia ikertzeko, baina beti errezelo handiz. Liburu bat idatzi zan, baina aukeratutako persona batzuei emon jaken, argitaratu beharrean. Tabua zala jakinda, egin dana oso baliogarria izan da. Orain erakusketea dago museoan eta espero dot aurrerapausu gehiago egotea, historia hau ezagutu daiten. Memoria lantzearen arloan, badaukagu Durangon martiaren 31ko bonbardeoaren inguruan ibilten dan taldea, nik uste dot egindakoa ondo dagoala eta ziur gehiago egingo dana.


12.- Liburuaren euskerazko bersinoa atarateko asmorik badozu?

Egia esan, Durangoko museoaren erakusketea dala eta, badago gida bat plazaratuta eta liburuaren euskerazko laburpena da. Hori eskuragarri dago. Liburua bera, Pamielagaz argitaratu dot eta ikusi egin beharko dogu ze interes sortzen dauen gaztelaniazko bersinoak eta horren arabera erabagiko da zer egin. Behintzat, Anbotoko herejeen historiara euskeraz hurreratzeko modua badago, aitatu dodan gideari esker eta museoko erakusketeari esker.


13.- 1500eko gertakariak ikertu dozuzanean, antzeko beste kasu batzuetako informazinoagaz be topo egin dozu, adibidez 1507-8ko epaiketakoakaz. Gai honen inguruko liburu gehiago idazteko asmoa daukazu?

Badaukadaz, bai, hainbat ildo edo lerro, ikerketeagaz segiduteko eta haritik tiraka segiduteko. Oraingoz lehenengo liburu honegaz gabilz lanean buru-belarri, baina 1507-8ko sorgin ehizearen inguruko agiri batzuk topau dodaz eta hor badago sakontzeko aukerea. Durangoko artxibotik desagertutako 1444ko dokumentu bien zatikako transkripzinoa be topau dot. Horreen desagerpenaren historia be berezia da. Gogoz nago ikerkatakaz segiduteko, baina lasaitasunez egingo dot, lan handia dalako. Seguru hurrengo urteetan zeozer egingo dodana.

Osorik irakurri