Pagotxa RZ, habia itxi daben txorientzako errezeta webgunea

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko api. 18a, 00:00

Zuzeuren zazpigarren urtebetetzearen harian, Pagotxa RZtegia aurkeztu dabe egunotan: jente gaztearentzat erabilgarria izateko asmoa dauen ezkaratzeko errezetategia. Zuk zeuk erraz egiteko moduko plater on-onak topauko dozuz hemen, pausuz pausu eta argi kontauta, alperrekorik bape barik. Galdu ez zaitezan, sukaldean gozau daizun, dakar Pagotxak berak, dagoeneko erabilgarri dagoan webgunean. Beraz, amatxuren altzoa itxi eta abandonauta sentiduten bazara, lasai, hemen dozuz habia itxi daben zure moduko txorientzako errezetak.

Pagotxa.eus-en topauko dozun errezeta bakotxa -eta dagoeneko berrogeita hamarren bat badira- ezkaratzean egina eta mahaian frogatua izan da, behar beste bider. Zeregin horretan, jo eta su ibili dira, Xolomo Sapiensegaz batera, Basque Culinary Center-eko ikasle diran sukaldari gipuzkoar gazte bi Imanol Zubelzu eta Javi Rivero, hain zuzen; eurek sortuak dira errezeta gehienak eta aurrerantzean be sortuko ditue. Zeozelan esateko, bizirik eta hazten doan errezetategia da Pagotxa eta horretan zeuk be badozu leku, zeure errezetak eta iruzkinak bialtzeko bidea be badagoalako.

Urko Uranga egiturearen ardurapean eta Xoraturikan EMko lantaldea, errezetak, ostera, Imanol Zubelzu, Javi Rivero eta Xolomo Sapiens hirukoteak egiten ditu beste kolaboratzaile batzuren laguntzaz.


Pagotxa webgunea, ezkaratzeko lanetan erraz ibilteko bidea

Itzuraz dotorea da Pagotxa, maila estetikoan itxura zaindua dakar Pagotxak, eta beste ezeren gainetik, erabilgarritasunari emon deutsie garrantzia, izan be, jatekoak eta platerak bilatzeko erraztasunaz dagoz harro egileak. Errezeta bakotxa egiteko beharrezko osogaiak eta emon beharreko pausuak ez eze, aholkuak eta azalpen bideoak ditue errezetetako askok.

Horrezaz gan, hiztegi bat eta sukalde kontu edo barri gastronomikoetarako atalagaz batera, errezetak bilatzeko sailkapen praktikoa eskaintzen dau Pagotxak, lana errazte aldera. Alde batetik, jatekoen araberakoa (arrainak, barazkiak, saltsak...), eta bestetik gastronomia muetea (beganoentzako dan, azkar preparetako jatekoa dan...) eta zailtasuna gora-behera.

Eta inportanteena... Errezetategian bertan adierazoten deuskue noizko dan aproposa bakotxa:

• Ama eta izekoa joatzuzenerako.
• Danak zurtz eginda ixteko.
• Ligetan laguntzeko modukoa.
• Edonoiz jateko modukoa.
• Parranda ostekoa.

Honezkero ez dago atxakiarik amantala jantzi, lapikoak tiraderetatik atera eta suak ez pizteko. Ia ba, ekin!

Osorik irakurri