Euskal Autonomi Erkidegoko artista bik New Yorkeko Solomon R. Guggenheim museoa ezagutzeko eta bertan lan egiteko aukerea eukiko dabe Basque Artist Program egitasmoaren bidez. Bigarrenez antolatu dabe programea New Yorkeko eta Bilboko Guggenheim museoek. Izena emoteko epea maiatzaren 18ra arte dago zabalik eta egotaldia urrian izango da.
New Yorkeko artisten giroa, bertako Guggenheim Museoak daukan lan egiteko modua eta Estadu Batuetako artisten esperientziak ezagutzeko aukerea eukiko dabe egotaldirako aukeratzen dituen artista biek. Lau astez egongo dira New Yorken, 2016ko urriaren 3tik 28ra. Ganera, artista bakotxak 2.500 dolarreko diru-laguntzinoa jasoko dau.
Aukeraketa prozesuan parte hartzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan jaiotako edo bertan behar egiten daben artistak baino ez ditue kontuan hartuko. Artista hasibarriak izan behar dirala esaten da baldintzetan.
Aurten, Basque Artist program ekimenaren bigarren edizinoa egingo dabe. Lehenengoan, 2015ean, hamabi hautagai aurkeztu ziran eta Alain Urrutia eta Carla Tovar aukeratu zituan Guggenheim Museoak Ameriketan egotaldia egiteko. New Yorkeko eta Bilboko museoen arteko lankidetzan sakontzeko sortutako programetako bat da hau.
Aurtengo programarako izena emoteko epea zabalik daukie artistek, maiatzaren 18ra arte. Izena emoteko edo informazino gehiago eskuratzeko, hemen.