Bilbon antolatutako jardunaldi baten aurkeztu dau Laneki alkarteak Lanpres izeneko gida hori. Lanbide Heziketea euskaldutzearen erronkea izan da jardunaldiko ardatza eta gida horrek, hain zuzen, ikasleek enpresetan euskerazko egotaldiak egiteko aukerea erraztuko dau. Praktiketan be euskerearen alde egiteko deia egin deutsie gazteei.
Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko 14.000 ikaslek Lanbide Heziketea lanpostuan bertan egiten dabe, horreetatik % 22k euskerazko ereduetan. Laneki alkartea LH-rako material didaktikoa euskeraz sortzeaz arduratzen da eta behin enpresetara jauzia egiteko orduan, praktikak be euskeraz egiteko aukerea sendotzeko asmoz atara dau Lanpres gidea.
Irakaskuntza-zentroentzako baliabideak batzen ditu, batez be, Lanpres gideak. Lanekiko kide eta Jakinbai webguneko arduradun Kepa Altuberen esanetan, enpresa askotan euskerea sartzeko ahaleginetan dabilz eta Lanbide Heziketatik datozan ikasleen bidez lortu nahi dabe hori.
Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuordeak be, euskerea lan munduan sartzearen aldeko apustua egin dau. Bilboko jardunaldian Uriartek adierazo dauenez, ikasketak, euskerea eta enpresen mundua lotu egin behar dira. Horretarako, Lanpres gidearen moduko tresna egokiak behar dirala dino, bestela praktikak euskeraz egitea zeregin nekeza bihurtuko litzatekeelako, baliabiderik ezean.
Lorea Bilbao Bizkaiko Euskera eta Kultura diputadua eta Rikar Lamadrid Lanekiko presidentea be jardunaldian izan dira, Bilboko Euskalduna jauregian. Era berean, euskerearen eta hezkuntzearen alorreko eragile ugari batu dira.
Gida barria eta Lanbide Heziketeagaz lotutako euskerazko material gehiago, Jakinbairen webgunean topau leiteke, hemen.
Bideoa be atara dabe, ikusi hemen.