'Bilbao – Bizkaia. Exterior – Dia' eta 'Distantziak' talde filmak Malagako Zinemaldian emongo ditue

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko api. 20a, 00:00

2015ean, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak – Zinebik produzidu zituan Bilbao – Bizkaia. Exterior - Día (7 miradas y una ciudad) eta Distantziak talde filmak, bariku honetan, apirilaren 22an, hasi eta datorren maiatzaren 1ean amaituko dan Malagako Jaialdiaren hurrengo edizinoan egongo dira.

Bilbao – Bizkaia. Exterior - Día (7 miradas y una ciudad) lana apirilaren 27an eskainiko da Picasso Museoko Auditorioan, arratsaldeko 18:00etan, eta 28an, barriz, Albeniz zinema-aretoan, arratsaldeko 17:30ean, Estreinaldi Bereziak atalean. Distantziak lanari jagokonez, apirilaren 28rako programau da, Dokumental Berezien barruan. Emonaldia Echegaray Antzokian izango da, arratsaldeko 17:00etatik aurrera.

Bilbao – Bizkaia. Exterior - Día (7 miradas y una ciudad) proiektuak helburu bi zituan, film laburrari balioa emotea eta errodatze lanak egiteko Bilbo erakusleiho izateko leku egoki lez erakustea. Sketch filmen modu klasikoan egindako produkzino lan bitxi honek alkarren artean oso desbardinak diran gaiak eta ezaugarri formalak dituen zazpi fikzino batzen ditu –zinema musikala, garaikoa eta egungo drama eta komedia, besteak beste–. Horreen guztien ezaugarri komuna, Bilbok eta Bizkaiak azken 30 urteetan izan dituen eraldaketak irudikatzeko nahia da.

Lan bakotxa egiteko, Zinebik hiru zinemagile belaunaldiren ekarpena izan eban; esangura horretan, Bilbao – Bizkaia. Exterior - Día (7 miradas y una ciudad) lana osotzen daben film laburrak Pedro Olearen Zonbi Eguna, Javier Rebolloren El amigo imaginario, Enrique Urbizuren Misterio en el parque de Doña Casilda, Mikel Ruedaren Caminan, Luis Maríasen Amatxu Maitea, Imanol Uriberen Parpadeos eta Sra. Polaroiskaren Los ocho pecados capitales dira.

Distantziak filmari jagokonez, lau zinemagile gaztek egindako talde filmaren izenburua da: Maddi Barber, Cris Ezquerra, Aitor Gametxo eta Jesus Mª Palacios. Azken finean, bakotxak gaur egun zinemea egiteko dauen modu personala besteakaz batera lantzen daben lau zinemagile gazte dira. Zinema erabat personala, jardunbide dokumentaletan lehen personeak dauen gero eta subjektibizazino eta presentzia handiagoa agirian itxita.

Distantziak Zinebiren produkzino lana da, gaur egungo ikus-entzunezko sorkuntzearen ikerketa, praxi eta hedapen eragile autonomo moduan finkatuz joan dana eta Bilboko jaialdiaren azken bi edizinoetan Zinergentziak zikloaren barruan parte hartu dauena.

Osorik irakurri