Liburuaren Nazinoarteko Eguna da zapatuan eta, ganera, Miguel de Cervantes idazlea hil zanetik 400 urte beteko dira aurten. Horregaitik, barikuan, apirilak 22, On Kixote liburuaren irakurraldi jarraitua egingo dabe Bilboko Abando hotelean. Hizkuntza ugaritan irakurriko ditue pasarteak, literaturearen unibersaltasuna azpimarratzeko asmoz.
Irakurraldia goizeko 11:30etan hasiko da. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak egingo dau lehenengo txandea. Ondoren, On Kixote liburuaren pasarteak hizkuntza ugaritan entzuteko aukerea egongo da, Bizkaiko Alkarte Artistikoak azaldu dauenez.
Antolatzaileek parte hartzera dei egin deutsie uriko norbanako eta alkarte guztiei, batez be etorkinen alkarteei, ahalik eta hizkuntza gehienetan entzun daiten Cervantesen obrearen zatiren bat. Munduko edozein hizuntza ondo-etorria izango dala dinoe. Irakurraldia nahi daben guztiei edegita dagoala ganeratu dabe antolatzaileek.
Literaturearen unibersaltasuna nabarmentzea izango da irakurraldiaren helburua. Mundu guztiko gizon-emakumeak eta kulturak batzeko tresnak dira liburuak, antolatzaileen esanetan.
Bide batez, Miguel de Cervantes idazle espainiarraren heriotzearen laugarren mendeurrena gogoratuko dabe. 1616ko apirilaren 22an hil zan eta biharamunean emon eutsen lur. Cervantesen obrarik ezagunena da On Kixote Mantxakoa (1605) eta dozenaka hizkuntzatara itzuli dabe.