Apirilaren 21etik abuztuaren 14ra arte, Bilboko Arkeologi Museoan, erakusketa berezi baten batu dira orain dala milaka urtetako gizakiek sortutako irudiak eta gaur egungo artista baten sorkuntzak, Haitzuloetako artea, arte garaikidea izenburupean. Maximina Espeso artista garaikideak Euskal Herriko kobazuloetan topautako irudiak barriro interpretau ditu.
Santimamiñe 2016 programearen barruko erakusketea da honako hau. Oma inguruetan kobazulo hori topau zala ehun urte beteko diralako ipini dabe martxan egitasmo hori.
Erakusketearen helburua, iraganaren eta orainaren arteko zubilana egitea da, Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu dauenez. Maximina Espeso artista garaikidearen obrek bat egingo dabe orain dala 15.000 urteko artista anonimoek sortutako artelanakaz.
Euskal Herriko hainbat kobazulotan topautako irudiak dira abiapuntua: Santimamiñe, Bolinkoba, Arenatza, Santa Katalina, Askondo, Ekain eta beste askotan, arrastoa itxi eben gure arbasoek. Maximina Espesok, bere ikuspegitik, antxinako artista hareek irudikatu nahi izan ebena barriro interpretau eta arte garaikidera ekarri dau. Kobazuloetako artearen formak, ehundurak eta moldeak berreskuratu nahi izan ditu.
Obra garaikideakaz batera, kobazuloetan topautako pieza batzuk be ikusgai dagoz: Apaindutako harriak, irudi geometrikoak, giza figurak... danak Goi Paleolitokoak.
Abuztuaren 14ra arte egongo da erakusketea zabalik, Bizkaiko Arkeologi Museoan, Bilboko Mallonako Galtzadetan. Era berean, jarduera osogarriak antolatu ditue. Maximina Espesok berak gidatutako bisitaldiak egingo ditue, baita familia guztiak disfrutetako moduko tailerrak be.