Uriko auzoetan zortzi kontzertu emongo ditu Bilboko Koral Alkarteak

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko api. 21a, 00:00

Lehenengo aldiz antolatu dabe aurten Bilboko Korala Gertutik zikloa. Zortzi auzotan, beste horrenbeste kontzertu emongo ditu Bilboko Koral Alkarteak, apirilaren 23an Otxarkoagan hasita. Koralak eta Bilboko Udalak eratutako ekimenaren helburua, auzotar guztiei kulturea eta musikea hurreratzea da eta, horregaitik, dobakoak izango dira emonaldi guztiak.

Musikariek euren ohiko agertokietatik urten eta bestelako leku batzuetan joko dabe, auzo-etxe eta eleizetan, adierazo dau Nekane Alonso Bilboko Kultura zinegotziak, agenda kulturala deszentralizetako modu bat da. Koral Alkarteak aurten 130 urte bete dituala aitatu dau Iñigo Alberdi abesbatzako gerenteak: Urteurrena une aproposa da ziklo barri hau hasteko.

Apirilean, maiatzean eta bagilean izango dira emonaldiak. Lehenengoa, hil honen 23an, Otxarkoagako auzo-etxean izango da, 19:30ean. Apirilaren 30ean, Abusuko Artzain Onaren eta Santa Teresitaren eleizan izango da kontzertua, 20:15ean.

Maiatzean lau kontzertu iragarri ditue: 7an Miribillako Santa Maria Josefa eleizan (19:00). 13an, Deustuko San Pedro eleizan (20:00). 21ean, Indautxuko Karmen eleizan (20:30). Eta 28an, Begoñako Santa Monika komentuan (20:00).

Amaitzeko, beste emonaldi bi egongo dira bagilean. Batetik, hil horren 4an, Zorrotzako Ama Mirarigilearen eleizan (19:30), eta bestetik, 11n, Zabalako Aresti Kondearen egoitzan, 17:30ean.

Emonaldi bakotxa desbardina izango da, parte-hartzaileak eta errepertorioa kontzertu batetik bestera aldatuko dira. Koralak daukazan alderdi ugariak erakutsi nahi doguz, azaldu dau Alberdik. Izan be, atal bat baino gehiago daukaz Koral Alkarteak. Txandaka, Koraleko talde nagusiak, umeen abesbatzeak, Euskeriak, Koraleko Gitarren Orkestreak eta Bilboko Kantu Eskolako ikasleek parte hartuko dabe.

Zortzi emonaldiak dobakoak dira, herritar guztiei musikara hurreratzeko aukerea emon nahi deutsielako. Zerbitzu publikoaren izakerea indartu nahi dogu, dino Alberdik, jenteak gu ezagutzeko aukerea euki daiala. Bilboko Koral Alkartea mundu zabalean ibilten da, entzute handiko topaketetan parte hartzen, eta Bilboko auzoetara heltzeko sasoia dala ikusi dabe.

Bilboko Korala Gertutik aurten jaio da, Bilboko Udalaren eta Koral Alkartearen alkarlanari esker. Halandabe, Nekane Alonso zinegotziak adierazo dau, hurrengo urteetan edizino gehiago egin nahi dituela eta, ahal bada, programazino zabalagoa eskaini, auzo gehiagotara heltzeko.

Osorik irakurri