Udaletako euskera zerbitzuen arteko topaketea, Udaltop, egiten dabilz Lasarte-Orian, atzo eta gaur. Jardunaldietan, udaletan euskerea bultzatzeaz arduratzen diran profesionalak eta erakunde publikoetako ordezkariak batu dira. Aurtengo izenburua, honako hau: Kirolean D eredua noizko? Nork eta zer egin geinke gazteen euskerazko kirol jarduna ziurtatzeko. Umeen astialdian euskerea sartzea ezinbestekoa dala uste dabe parte-hartzaileek.
Jardunaldiak Lasarte-Orian, Manuel Lekuona Kultur Etxean egiten dabilzan ezkero, udalerri horretako euskera teknikariak, Jon Antxordokik, ekin eutsan jardunaldiari atzo. Gazteak, kirola eta euskerea buztartzea beharrezkoa dala adierazo eban.
Ondoren, Patxi Baztarrika Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak egin eban berba: Astialdearen barruan, kirola da nagusi; euskerea kirolaren hizkuntzea izatea gauza handia da. Arlo horretan jauzi handia egin behar dala uste dau Baztarrikak eta, horretarako, euskera teknikarien lana ez eze, kirol teknikarien laguntzinoa ezinbestekoa dala.
Gaur, barikua, Udaltop jardunaldien bigarren eta azken eguna egiten dabilz. Arabako Foru Aldundiko, futbol eskoletako eta EHUko adituek euren ikuspegia emongo dabe, gaztetxuek kirola euskeraz egin daien zelako pausuak egin leitekezan azaltzeko.
Atsedenaldiaren ostean, mahai-inguru baten parte hartuko dabe Javier Echepare Irungo Udaleko kirol arduradunak, Pablo Murias kirol teknikariak, Iñaki Alzaga eskola kiroleko kideak eta David Izaga Irungo euskera teknikariak.
EHUko Jone Miren Hernandezen eta Soziolinguistika Klusterreko Pablo Suberbiolaren txandea izango da gero. Jardunaldien ondorioak eta proposamenak aurkezteko, Zarauzko Udaleko Maite Etxanizek eta Iratxe Aranburuk egingo dabe berba eta, amaitzeko, Gaizka Garitano futbol entrenatzaileagaz solasaldia egongo da.