Elkar Fundazinoak elkar sariak banatu ditu bart Andoainen. Gerediaga alkartearen ibilbidea saritu dabe eta Alaine Agirre idazle bermeotarrak Joseba Jaka bekea eskuratu dau.
Hogeita hamabost lan finalisten artean aukeratu dabe Alaine Agirre eta saritzat hamar mila euroko laguntzinoa jaso dau. Irabazleak, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango dau, gehienez, Bi aldiz erditu zine nitaz, ama izenburuko lana amaituta Elkar Fundazinoari helarazoteko.
Bermeotarrak nobela bi daukaz idatzita Odol mamituak (2014, Elkar) eta X hil da (2015, Elkar) eta aurreratu dauenez, Joseba Jaka bekeari esker idatziko dauen liburuak amatasuna, ama eta alaba baten arteko hartu-emonak izango ditu ardatz eta aurreko lanen ondorten, trilogia baten amaierea izango litzateke
Saria orain 10 urte banatu zan azkenekoz eta aurrerantzean bi urtean behin emongo dabela aurreratu dau Joxe Mari Sors Elkar Fundazinoko presidenteak.
Bekea emongo ez dan urteetan, barriz, kultur proiektuak laguntzeko asmoz sortuko dan saria da Proiektuari elkar saria. Bi urterik behin emongo da, beraz. Euskal kulturgintzarako interesgarria dan ekimen bat abiatzeko edo indartzeko emongo litzateke 10.000 euroko laguntzinoa. Izan leiteke proiektu bat martxan jartea, ikerketa bat egitea edota beste edozer, baina kasu honetan ez sormen lan bat. elkar Fundazinoak berak erabagiko dau, euskal kultur munduan ikusten dituan mobimentuen artean, sari hori nork merezidu dauen.
2016ko Ibilbideari elkar saria, lehen aldiz emon dana, Gerediaga alkarteari emotea erabagi da, 50 urtean Durangoko Azokea antolatuaz egindako lanagaitik. Bolada gogorretan be, dana kontra danean, indarrak batuta eta ideak argi izanda, talde lanari esker, ekimen barriak bideratu daitekezala erakutsi dabe.
Euskal kulturgintzeari eta batez be liburu eta diskoari urte osoan ez dauen ikusgarritasuna emotea lortu dau Gerediagak, ez bakarrik Durangon, Azokea egiten dan lekuan, baita Euskal Herri osoan be, lortu dauen zabalkundeagaitik.
Sari hau urterokoa izango da, eta urte luzeetan egindako lana saritzea, ezagutzea, izango dau helburu. Saria emoteko orduan norbanakoen aurretik, talde lanean egindako ekimenak lehenetsiko dira. Ibilbide saridunari urtero emongo jako Gotzon Huegun eskulturagile lasartearrak egurrez egindako eskulturea.