Bilbao Orkestra Sinfonikoaren 2016-17 denporaldia aurkeztu dabe, ehun kontzertu baino gehiagoko egitarau zabal eta askotarikoa. Abonu tematikoak Johannes Brahms ezagutzen lagunduko deutse entzuleei eta, ganera, musikalakaz lotutako emonaldiak egongo dira. Era berean, Gernikako bonbardaketearen 80. urteurrena gogoratzeko kontzertu berezia egongo da.
Urriaren 6an hasiko da denporaldi barria eta datorren urteko maiatzaren 29ra arte martxan egongo da. Lorea Bilbao Bizkaiko kultura diputadu eta BOSeko presidenteak adierazo dauenez, programazino askotarikoa eta kalidadekoa preparau dabe. Bilbaok azaldu dauenez, BOSek urtero antolatzen dituan egitarauetan, zale guztientzako eskaintzea egoten da, edadeari eta estiloari jagokenez.
Aimez-vous Brahms izenburua ipini deutsie aurtengo abonu tematikoari. Sail horretan, Johannes Brahms konpositore alemaniarraren (1833-1897) piezak izango dira protagonista. Hartara, Hamburgeko sortzailearen doinuak izango dira 2016-17 denporaldiko ardatza BOSen.
Brahmsen musikea, haren requiema hain zuzen, Gernikako bonbardaketea gogoratzeko egingo dan kontzertu berezian be entzun ahal izango da. Birke Berteismeier-en Zeru urdinetik obrea be joko dau BOSek emonaldi berezi horretan. Datorren urtean 80 urte beteko dira bonbardaketatik.
Beste alde batetik, musikalei be omenaldia egingo deutse BOSek denporaldi barrian. Lehenengo kontzertuan Londresko West End-eko lau kantari etorriko dira eta musikalen historiako pieza ezagunak joko ditue: West Side Story, Les Miserables, Hello Dolly eta abar. Disney filmen musikan oinarritutako kontzertu berezia be egongo da 2017ko urtarrilaren 4an.
Ehun kontzertu baino gehiago dagoz BOSen egitarauan, aurreko denporaldien antzeko kopurua. Bigarren urtez, Erik Nielsen izango da orkestrako zuzendari titularra. Aurten, Soinuen Mosaikoa proiektuan parte hartuko dau BOSek, desgaitasunak daukiezan personen aldeko ekimen solidarioan.