Unidade didaktiko interaktiboak deskargauta, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako neska-mutilek Bilboko Guggenheim Museoko artelan batzuen ganeko informazinoa, jarduerak, irudiak eta bideoak eukiko ditue eskura. Dobako 20 kurso dira, iTunes plataformearen bidez eskuratu leitekezanak. Zornotzako Lauaxeta ikastolako irakasle bat ibili da proiektua garatzeko lantaldean.
Jeff Koons-en Puppy, Richard Serraren altzairuzko egiturak, Louise Bourgeois-en Ama eta abar sartu ditue plataforma barrian. Hainbat ikasgaitan erabili leitekezan jardueren bidez lantzen dira horreek obrak. Ez dogu nahi ikasleek artelan bat ikusi, ariketa batzuk egin eta ahaztea; obra hori ulertzea nahi dogu, azaldu dau Valentziako unibersidadeko irakasle Jose Ramon Navarrok.
Navarro eta Lauaxeta ikastolako Iker Aburto izan dira proiektuaren sortzaileak, Guggenheim Museoko adituakaz batera. Navarrok eta Aburtok astebete pasau eben abenduan Guggenheimen, museoko arlo guztietako profesionalakaz berbetan eta egitasmoaren nondik norakoak zehazten.
Lan horren emoitzea da plataforma didaktikoa. Guztira, 20 kurso dira (hamar Lehen Hezkuntzarako eta beste horrenbeste DBHrako), gaika sailkatuta. Formatu ugaritako 580 elementu inguru daukiez erabiltzaileek aukeran: 106 aplikazino, 172 argazki, 11 audio, lau bideo, hamar liburu, 133 PDF eta interneteko hainbat lotura.
Dana ez da digitala, kasu batzuetan ikutzeko, eregiteko eta abar eskatzen jake ikasleei, zehaztu dau Navarrok, errealidadeagaz esperimentazinoan ibiltea da asmoa. Une bakotxerako ariketak aukeratzeko, ikasgelan zelan erabili jakiteko eta abar, irakasleentzako argibideak be badakarz plataformeak. Iker Aburtok dinoanez, berari gehien gustetan jakon partea da, eskulturak zelan eginda dagozan azaltzen dauena da.
Apple enpresea 2014an hasi zan Guggenheim Museoagaz alkarlanean, plataforma hau sortzeko. Hortaz, Appleren jaubetzakoa dan iTunesU aplikazinotik sartu behar da aplikazinora. Halandabe, Apple ez diran ordenagailuetatik be bajatu leiteke iTunesU. Dobakoa da plataforman sartzea eta bertako unidade didaktikoak erabiltea, mundu guztiko ikasleentzat probetxugarri izatea nahi dabe eta.
Proiektua garatzen Lauaxeta ikastolako irakasle bat ibili dan arren, eta lehenengo erabiltzaileak zentro horretako ikasleak izan diran arren, gaztelaniaz baino ezin da erabili plataformea eta ariketa zein jarduera guztiak gaztelaniaz egiteko pentsauta dagoz. Juan Ignacio Vidarte museoko zuzendariak dino, euskerazko eta ingelesezko bersinoak preparetan dabilzala.
Guggenheimeko obren barri zabaltzeko eta ikasleakana heltzeko, plataformea tresna aproposa izango dala uste dau Vidartek. Aukeratutako 20 artelanak museoaren bilduma iraunkorrekoak dirala nabarmendu dau Vidartek eta proiektua aitzindaria dala gogoratu eragin dau: Uste dot, mundu osoan hamaika museo baino ez gagozala honelako egitasmo baten.