Gernika filma lehenengoz erakutsiko dabe gaur Malagako Zinemaldian; sail ofizialean lehiatuko da, beste hamalau filmakaz batera. Koldo Serra zuzendari bilbotarrak Gernikako bonbardaketearen 79. urteurrenagaz bat eginda estreinauko dau gaur, hilak 26, bonbardaketearen ganean egindako fikzinozko lehenengo filma.
Serraren bigarren film luzea dan Gernika honetan, jazoera historikoan oinarrituta, drama erromantikoa aurkeztuko deusku, izan be, Henry (James D'Arcy) AEBetatik etorritako kazetariaren eta Maria Valverdek interpretautako Teresa Errepublikako prentsa bulegoko editorearen arteko maitasun gorabeherak be azalduko jakuz. Filman parte hartzen daben ganerako aktoreen artean, besteak beste, Jack Davenport (Piratas del Caribe); Alex García (Kamikaze); Ingrid García-Jonsson (Hermosa Juventud); eta aurten Un otoño sin Berlin filman egindako lanagaitik Goya saria irabazi dauen Irene Escolar dira aktore nagusiak baina euskal aktoreak be badagoz tartean, besteak beste, Barbara Goenaga, Elena Irureta eta Jon Ariño.
Filmaren gidoia idazteko ardurea, barriz, Carlos Clavijo eta Barney Cohen-ena izan da.
Gernikan, Bilbon, Artziniegan, Barakaldon eta Lekeition grabau zituen eszenak igaz; azken herri hori gaur egun 1937ko Gernikagaz dauen antzagaitik aukeratu eben bonbardaketearen eszenak errodatzeko.
Sei miloe euroko aurrekontua izan dau filmak, eta Sony Pictures etxea arduratuko da mundu mailako banaketaz. Besteak beste, Bizkaiko Aldundiak, Bilboko Udalak, Bilbo Ekintzak, Gernikako, Lekeitioko, Barakaldoko eta Atxondoko udalek eta ETBk be parte hartu dabe.