Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak, Zinebik, urte osoan zehar bere programazinoari jarraipena emoteko antolatu dauen Hileko dokumentala estreinaldien zikloak, Óscar Morenok eta Jordi Rovirak zuzendu eta Espainiako lehenengo emakume argazkilari-kazetaritzat hartzen danaren bizitzearen eta lanaren ganeko Joana Biarnés, una entre todos (Espainia, 2015. 72) filma eskainiko dau eguen honetan, apirilaren 28an, Bilbon. Ohikoa danez, emonaldia Multicine 7. aretoan izango da (Jose Maria Escuza, 13) arratsaldeko 20:00etan, katalanezko eta gaztelaniazko jatorrizko bersinoan. Sarrereak 3,70 euroko prezioa izango dau.
Adituek dinoenez, Joana Biarnés (Tarrasa, Vallés Mendebaldekoa, 1935) The Beatles taldearen suitera sartu zan, Roman Polanksi engainau eban, Raphaelen argazkilaria izan zan, Massielek Eurovisión lehiaketara eroan eban soinekoa aukeratu eban, eta Clint Eastwoodek bere ezpainak muxukatu zituan. Bere lagunen artean, besteak beste, Xavier Cugat, Joan Manuel Serrat, Albako dukesea, Fernando Rey, el Cordobés, Lola Flores eta Salvador Dalí egon ziran.
Hori da Espainiako lehenengo emakume argazkilari-kazetariaren bizitza eta lan ezezaguna. Bizitzari eta lanari buruzko datuak, garai haretan gaztea zan argazkilariak 1962an Vallèsen izandako uriola ikaragarriak jaso zituan irudi sinistezinak orain denpora gitxi berreskuratu dira.
Filmak, garai bateko aurreretxiak gainditu zituan, gizonak nagusi ziran lanbide batean arrakasta handia izan eban, historiako personaia handiak ezagutu eta hilezkor bilakatu zituan eta, guzurra emoten badau be, legenda bilakatzeko aukerea ebanean, desagertu egin zan aitzindari baten ibilbidea dokumentetan dau.
Òscar Moreno produktorea, gidoilaria eta zuzendaria da. Gidoilari lanak be egin ditu TV3ko Sense Ficció saioan eskaini diran Cop al Banc Central, Generació D, elBulli, l’últim vals eta L’equip ideal dokumentaletan. Horrezaz gan, Antena 3 eta TVEko La 2 kateek emondako zenbait dokumentalen eta programaren gidoilari eta errealizazino taldeetako kide be izan da.
Jordi Rovira Informazino Zientzietan eta Zientzia Politikoetan lizentziatua da Bartzelonako Unibersidade autonomoan. Freelance kazetari lanetan dabil 1998tik, eta gizarte izakerako erreportajeak egin ditu Kosovo, Irak, Sierra Leona edo Ipar Irlanda lako hogeita hamar herrialdetan. La Vanguardia egunkariak argitaratu ditu haren erreportaje gehienak. 2005etik, lan horregaz batera, Kazetarien Alkargoak argitaratzen dauen Capçalera aldizkariaren zuzendaria be bada.
Hileko dokumentala izeneko zikloaren bidez, generoaren zaletuek nazinoarteko beste jaialdi batzuetan sariak irabazi dituen edo aukeratuak izan diran arren, merkataritza zirkuituan ia banaketarik izan ez daben lanez gozetako aukerea izaten dabe. Esangura horretan, Parallel40 banaketa-etxearen eskutik, Multicine aretoek, zientziari, ekonomiari edo gizarteari buruzko erabateko gaurkotasuneko gaiak lantzen dituen dokumentalak estreinetan ditue.