Literaktum Donostian, maiatzaren 3tik 14ra

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko api. 27a, 00:00

Donostia Kulturak antolatuta, Euskal Idazleen Alkartea antolatzaileen artean dala, Literaktum jaialdiak beste arte-diziplina batzuekazko elkarrizketan eta garaiotako eztabaidei lotuta ulertzen dau literaturea, literaturea aniztasuna da, esperimentetako bideak zabaltzen ditu, eta, horrenbestez, Literaktumek aniztasun hori islatu nahi dau, irakurleoi agertzen jakun mundu hori, liburu batera hurreratzen garen bakotxean. Proposamenen aberastasun hori sare lez antolatutako jaialdi bihurtu da; zenbait espazioren bitartez, programazino zeharkakoa eta mestizoa zabaltzen dau Donostian: bidea egin daben autoreak, promesa diran beste batzuekaz batera; liburu-denden lurralde librearen mapea, Shakespeare eta Cervantes, ilustrazinoak, itzulpenak, irakurle-klubak, txikientzako jarduerak. Hori guztia sartzen da Literaktumen.

Kontuak kontu, datorren maiatzaren 3tik 14ra bitartean, 40 konbidadu inguru pasauko dira Literaktumetik, 20 jardueratik gorako programa batean, narratibea ardatz hartuta, literaturearen zeharkako ikuspegia eskainiz: alkarrizketak autoreakaz, antzerki- eta musika-proposamenak, erakusketak, literatur ibilaldiak eta umeentzako jarduerak, euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez, galegoz edo zeinuen hizkuntzan.

Aurten, Cervantes eta Shakespeare hil ziraneko laugarren mendeurrena bete danez, Literaktumek omenaldia eskainiko deutse literatura unibersaleko bi idazle handi horreei. Jaialdira konbidautako idazleek haren obrearen zatiren bat irakurriz amaituko dabe saioa, eta haren eraginari buruzko gogoeta bategaz.

Literaktumek bere filosofiari eusten deutso aurten be literaturea ganerako diziplina artiskoakaz eta bere garaiko eztabaidakaz bat eginik.

Jaialdiko egunetan, Donostiako kultur etxe, liburutegi eta liburudendek, San Telmo Museoa eta Koldo Mitxelena Kulturuneagaz batera, urian zehar zabalduko dabe jaialdiaren programazinoa. Elvira Lindo, Juan José Millás, Bernardo Atxaga, Jordi Fibla, Anjel Lertxundi, Alaine Agirre, James Rhodes, Santiago Roncagliolo edo Manuel Rivas izango dira, besteak beste, idazle konbidaduak.

Jaialdiak badauka lekua erakusketa, umeentzako programazino zein ibilbide literarioetarako; aitamen berezia merezidu dau Obabako mundu literarioaren oinarria dan Asteasuko Muskerraren Bidea Bernardo Atxaga beraren eskutik ezagutzeko aukereak.

Liburudendek presentzia handia izango dabe aurten be, Liburu Lurraldea titulupean batzen diran jarduerakaz, horreen artean DSS2016-aren programa kulturalaren parte diran Munduko Liburudenden Topaketak azpimarratu behar dira, Jorge Carrión idazleak koordinauta.

DSS2016 Kultur Uriburuaren Donostiapedia proiektuaren barruan, Literaktumek Wikilantegi bat eskainiko dau aurten Donostiako Ume Liburutegian. Bertan parte hartzen dabenek jaialdira datozen idazleei buruzko artikuluak sortu eta editetako aukerea izango dabe, euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.

Euskerazko helduen literatureari lotutako ekitaldien artean honako honeek nabarmendu daitekez: Anjel Lertxundiren Zu nobelaren inguruko barriketaldia (Goiatz Labandibarrek eta Goizalde Landabasok gidatuta), Alaine Agirrek (aurtengo Zilarrezko Euskadi Saria) Jasone Osoro eta Saioa Royogaz izango dauen topaketea, Bernardo Atxagaren lana ardatz Asteasun egingo dan ibilbidea (Muskerraren bidea). Era berean, azpimarratzekoa da Ixiar Rozas eta Manuel Rivas idazleen arteko topaketea antolatu dabela Garoa liburu-dendan, eta Aritz Gorrotxategik beteko dauela mamiz Literaktumen barri jasoko dauen bloga.

Litaraktum 2016 jaialdiaren egitaraua ikusteko klik egin hemen.

Osorik irakurri