Argyll dukesearen bizimodu gorabeheratsua kontetan dau Powder her face opereak. Londresko Covent Garden-eko Royal Opera House-k produzidutako ikuskizun polemikoa Bilbora helduko da, Arriaga antzokira, maiatzaren 6an eta 8an. Aurretik, obrearen eszena eta musika esplizituek zeresana emon dabe hainbat herrialdetan, lizunegiak diralakoan.
Thomas Ades-ek, Philip Hensher-en libretoagaz, sortutako operea da Powder her face. Ekitaldi biko ganbera-operea da. Bilbora, Carlos Wagner eszena-zuzendariaren eta Diego Martin Etxebarria musika-zuzendariaren eskutik helduko da. BIOS orkestreak, Olga Zhuravel eta Heather Buck sopranoek, Alexander Sprague tenoreak eta Alan Ewing baxuak parte hartuko dabe.
Kritika bikainak jaso ditue opera honen eszenaratzeak eta musikeak. Era berean, polemikea be eragin dau, eszenak eta musikea esplizituak diralako. Lizuna dala esan dabe batzuek eta Ingalaterran eztabaidea sortu da horren harira. Irratian emoteko bersinotik zati batzuk kendu behar izan ditue.
1963an Argyll dukesearen dibortzioaren harira hedabideek plazaratutako detaile intimoak dira obrearen abiapuntua. Dukesa zikina ezizena ipini eutsien dukeseari. Powder her face lanean zehar, gizartearen kontraesanak, emakumeek aurrera egiteko daukiezan trabak, errudun eta biktima izatearen egoerea eta abar aztertzen dira. Gizartearen moral bikotxa eta hipokrisia gogor kritiketan ditu obreak.
Bi bidar emongo dabe Powder her face Bilboko Arriaga antzokian: Maiatzaren 6an (20:00etan) eta maiatzaren 8an (19:00etan). Sarrerak salgai dagoz, 13 eta 45 euro artean. Arriagako arduradunek dinoe, Espainian opera honen lehenengo emonaldiak izango dirala Bilbokoak eta horrek erakusten dauela maila handiko antzokia dala.