Zabalik dago aurtengo Rikardo Arregi kazetaritza sarietarako proposamenak aurkezteko epea

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko api. 28a, 00:00

Donostian aurkeztu dabe Rikardo Arregi kazetaritza sarietako 28. edizinoa. 2015eko maiatzetik aurtengo maiatzera bitartean argitaratutako lanak aurkeztu ahal izango dira eta epaimahaiak sari bi emongo ditu: Sari nagusia eta Kazetari Berria atalekoa. Andoaingo Udaleko zinegotzi Ainara Rodriguez, Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Patxi Baztarrika eta Goiena taldeko Oihane Agirre egon dira aurkezpenean.

Sariketean hautagai izateko, beren-beregi aurkeztu behar da lehiaketara. Kazetariak berak, hedabideak zein  sariaren helburuagaz zerikusia daukan beste edozeinek aurkeztu leike hautagaitzea. Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren kasuan, ganera, epaimahaiak beste lan batzuk proponidu ahal izango ditu, aurkeztutakoen artean kalidade nahikodun lanik ez badau topetan.

Epaimahaian kazetaritzearen eta komunikazinoaren arloko profesionalak eta adituak egongo dira: Allande Boutin, Idurre Eskisabel, Goio Arana eta Marijo Deogracias.

9.000 euroko saria jasoko dau sari nagusiaren irabazleak. Kazetari gazteei eskainitako ataleko irabazleak, ostera, 3.000 euro jasoko ditu. Epaimahaiak beste sari berezi bat emoteko aukerea dauka, baina horrek ez leuke diru-saririk jasoko.

Igazko maiatzetik aurtengora euskeraz plazaratutako kazetaritza lanak onartuko ditue sariketan, formatua edozein dalarik be. Bikaintasunagaitik eredugarri diran lanak nabarmendu eta sarituko ditue, antolatzaileek zehaztu dabenez.

Igazko edizinoan Goiena komunikazino-taldeko Julen Iriondok jaso eban saria, Jon Salaberri hiesdunen aldeko ekintzailearen inguruan egindako ikus-entzunezko lanagaitik. Iriondoren lankide Oihane Agirrek azpimarratu dau, komunidadean egindako lana izan zala hori, Joxe Arantzabalek hasitako ikerketeari tiraka.

Lekuan lekuko hedabideak animau ditu Agirrek, sariketan euren proposamenak aurkeztera. Euskerazko eta kalidadezko kazetaritzan lekuan lekuko komunikabideek daukien zeregina aldarrikatu dau. Hurreko historiak konteteak badauka oraina eta etorkizuna, Goienako kideak dinoanez.

Bestetik, Patxi Baztarrika sailburuordeak honakoa adierazo dau Rikardo Arregi Saria dala eta: Erabilia izatea da euskereak behar dauena. Horregaitik da gure helburua euskal irakurleak eta ikus-entzuleak areagotzea.

Osorik irakurri