Barrikuntzearen eta kalidadearen aldeko apustua egin dau ABAO-OLBE alkarteak 2016-2017 denporaldirako. Holan, Euskalduna jauregian, Don Giovanni eta La Cenerentola opera handi eta ezagunak ikusi ahal izango dira eta, Bilbon lehenengoz, Verdiren Stiffelio egongo da. Lucrezia Borgia eta Andrea Chenier lanek osotuko dabe programazinoa.
Denporaldi barriaren aurkezpenean ABAOk zehaztu dauenez, aurtengo programazinoaren ardatza emakumezkoak izango dira. Lukrezia Borgia, Angelina eta Maddalena moduko personaia unibersalek pisu handia eukiko dabela aurreratu dabe Juan Carlos Matellanes alkarteko presidenteak eta Cesidio Niño zuzendari artistikoak.
Bost obra programau ditue, aurreko urteen parean. Krisiaren aurretik, baina, zazpi izaten ziran denporaldi guztietan eta ABAOk dino lanean dabilzala barriro kopuru horretara heltzeko. Ez dabe baztertu laster seigarren opera bat sartzea.
Lehenengo operea Gaetano Donizettiren Lucrezia Borgia izango da, urriaren 22, 25, 28 eta 31n. Gioachino Rossiniren La Cenerentola etorriko da gero, zemendian. Tutto Verdi zikloaren barruan, Giuseppe Verdiren Stiffelio eskainiko dabe 2017ko urtarrilean. Wolfgang Amadeus Mozarten Don Giovanni, zezeilean, eta Umberto Giordanoren Andrea Chenier, maiatzean, etorriko dira gero, egitaraua biribiltzeko.
Nazinoarteko antzokietan ospea lortu daben izarrak eta euskal ahotsik indartsuenak batuko ditue ABAOren 65. denporaldian. Mikeldi Atxalandabaso, Miren Urbieta... kalidade handiko euskal abeslariak Euskalduna jauregian izango dirala aurreratu dabe.
Sarrerak erosteko epea bagilaren 1ean hasiko da. Bost obren emonaldi guztiak batuta, 56.000 ikusle inguru batzea kalkulau dau ABAOk.