Euskaltzaindiak sei urgazle barri izentau ditu

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko api. 29a, 00:00

Gaur, apirilak 29, barikua, Euskaltzaindia Iruñean  da. Goizean, udaletxean, Osoko bilkurea egin dau eta Udalak harrerea egin deutso Akademiari. Arratsaldean, barriz, Kondestablearen Jauregian, Miguel Javier Urmeneta euskaltzain urgazlearen omenezko ekitaldia egingo dau Euskaltzaindiak, igaz bete zalako haren jaiotzearen mendeurrena.

Goizeko 10:00etan batu dira eta ordu horretan Iruñeko Udalak  harrerea egin deutso Euskaltzaindiari. Alkateaz gan, alderdi guztietako kideak izan dira. Joseba Asiron alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak hartu dabe berbea eta ondoren Udalak eta Euskaltzaindiak opari bana egin deutsie alkarri.

Ondoren Osoko bilkura egin dau Akademiak. Bilkura horretan, besteren artean, ondoko gaiak jorratu ditue: Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle barriak izentau ditu (Amaia Apaulaza Ollo, Xabier Erize Etxegarai, Maite Lakar Iraizoz, Patxi Petrirena Altzuguren, Rosa Ramos Alfaro eta Castillo Suarez Garcia); Glosario Parlamentarioa (I) aurkeztu da. Hiztegi Juridiko-Parlamentario batzeko lantaldea Euskaltzaindiaren koordinazinopean dabil lanean eta Eusko Legebiltzarreko, Nafarroako Parlamentuko, Eusko Jaurlaritzaren IVAPeko eta Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Batzar Nagusietako zenbait kidek osotzen dabe. Taldeak parlamentu-lexikoa bateratzea dau helburu, ondoren Hiztegi Juridiko-Parlamentarioa osotu ahal izateko. Lan horren lehenengo emoitzea aurkeztu da Euskaltzaindiaren osoko bilkuran.

Arratsaldean, barriz, 16:30ean, Miguel Javier Urmenetaren omenezko agiriko bilkurea egingo dau Euskaltzaindiak, Kondestablearen Jauregian. Andres Urrutia, euskaltzainburuaren sarrera berbaldiaren ondoren, Patxi Zabaletak Miguel Javier Urmeneta, euskerearen laguntzailea Nafarroan izenburuko berbaldia emongo dau eta, amaitzeko, Miguel Javier Urmenetaren seme Asisko Urmeneta komikilari eta ilustratzaileak berba batzuk esango ditu.


Euskaltzaindiak izentautako 6 euskaltzain urgazle barriak

- Amaia Apalauza Ollo. Iruñean (Nafarroa) jaioa, 1979an. Euskal Filologian doktorea. Nafarroako berbakerez eta ahozko tradizinoez hainbat azterlanen egilea. Dialektologian aditua. Itzultzailea eta EIZIEko zuzendaritzako kidea. Nafarroako Unibersidadeko Euskera Katedrako irakasle laguntzailea.

- Xabier Erize Etxegarai. Iruñean (Nafarroa) jaioa, 1955ean. Euskal Filologian doktorea. Soziolinguistikan hainbat ikerlan egin eta argitaratu ditu. EHUko HIZNET Hizkuntza-Plangintza espezializazio graduondoko irakaslea da. Nafarroako Kutxan bi Hizkuntza Garapen arloaren sortzaile eta zuzendaria izan da. Sustapen batzordeko aholkularia da. Soziolinguista.

- Maite Lakar Iraizoz. Elizondon (Nafarroa) jaioa, 1978an. Euskal Filologian lizentziaduna. Baztan, Malerreka eta Bortzirietako ahozko tradizinoaren eta beste hainbat azterlanen egilea. Irakasle funtzionarioa Bigarren Hezkuntzan. Berbakerei buruzko hainbat azterlan.

- Patxi Petrirena Altzuguren. Sunbillan (Nafarroa) jaioa, 1963an. Psikologia ikasketak EHUn. Euskera itzultzaile eta zuzentzaile lanetan hainbat argitalpenen egilea. Euskaldunon Egunkariaren eta EIMAren estilo liburuetako egile, alkarlanean. 2008tik, Elhuyar Fundazinoan dabil. Itzultzaile-zuzentzailea.

- Rosa Ramos Alfaro. Iruñean (Nafarroa) jaioa, 1966an. Euskal Filologian lizentziaduna. Soziolinguistika arloan aditua eta hainbat lanen egilea. Euskera teknikaria da Berriozarren 1999. urtetik hona. Aurretik Nafarroako beste udalerri batzuetan ibili zan lanbide horretan: Leitza-Larraun-Ultzama aldean (Imozko Udalak kontratauta) eta Garesen. Soziolinguistikan aditua.

- Castillo Suarez Garcia. Altsasun (Nafarroa) jaioa, 1976an. Euskal Filologian lizentziaduna. Idazlea da, poetea. Arlo horretan zenbait sari jasoteaz gan, hainbat liburu eta idazlan be argitaratu ditu. Zenbait poema-sorta argitaratu ditu: Mugarri estaliak (2000), Spam poemak (2004), Bala hutsak (2006) eta Souvenir (2008) liburuak, besteak beste. Umeentzako literaturea be lantzen dau. Lanbidez euskera teknikaria da, azkeneko 10 urteetan Sakanako Mankomunidadean.

Osorik irakurri