Hemen da XXII. Fant, maiatzaren 6tik 13ra Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko mai. 3a, 00:00

Bilboko Udalak antolatzen dauen XXII. Fant, Bilboko Fantasiazko Zinemaldia bariku honetan jarriko da martxan (Campos Antzokian, arratsaldeko 20:00etan), AEBetan Open Grave eta Apolo 18 lanak zuzendu dituan Gonzalo López-Gallego madrildarraren The Hollow Point lanaren Europako premiereagaz. Aurten, nazinoarteko 14 film luze jasoko dituan Sail Ofizial interesgarria programau dau (horreetatik lau lehen aldiz ikusi ahal izango dira Estaduan eta bat Europan). Horrezaz gan, lehiaketara aurkeztuko diran 25 film labur eskainiko ditu, horreetatik hamaika euskal zinemagileen lanak dira. Hitzordua maiatzaren 6tik 13ra izango da eta beste urte batez, Golem – Alondiga zinema-aretoak izango dira zinemaldiaren egoitza nagusia. Sari-banaketa ekitaldia maiatzaren 13an izango da, BBK Salan. Bertan, Fantrobia saria emongo deutsie Can Evrenol zinemagile turkiarrari.

Emonaldi berezi legez, Zinemaldiak Rendezvous (2016), Román Santiago eta Guillermo Julián bilbotarren lehenengo film luzea eskainiko dau. Protagonista Natalia de Molina da, eta antzezle taldean Iñaki Urrutia, Santi Ugalde, Lander Otaola edo Xabier Perurena dagoz, beste batzuen artean. Filma Golem – Alondiga aretoetako 1. aretoan eskainiko da maiatzaren 11n, arratsaldeko 20:00etan.

Aurreko edizinoetan legez, Sail Ofizialeko programazinoa, dobako sarrerea izango daben eskaintza osogarri zabal eta anitzagaz osotuko da, Golem – Alondiga aretoetako 2. Aretoan, Panorama Fantastiko zikloaren barruko azken denporetako lanakaz, bitxikeriakaz, generoko lan klasikoakaz eta euskeraz eskainiko diran film laburrakaz (Donostia 2016gaz lankidetzan), zinemaldia ikus-entzule barriei harik eta gehiago zabaltzeko asmoz.


Sail Ofiziala

Lehiaketako Sail Ofizialaren barruan, Film Luze Onenaren, Gidoi Onenaren eta Zuzendari Onenaren FANT 2016 Sariak irabazi leikiezan 14 filmak lehen aldiz ikusi ahal izango dira Bilbon, baina horrezaz gan, horreetako lau Estadu osoan eta bat Europan be lehen aldiz ikusteko aukerea izango da. Argentinako generoko zineman erreferentziazko zinemagilea dan Gonzalo Calzadaren hirugarren film luzea: Resurrección (Argentina, 2016), joan dan urtarrilaren 7an, Argentinan estreinau ebenetik bertako txarteldegietan jarraitzen dau. Maiatzaren 8an eskainiko da.

Lehiaketa barruko sailean estadu mailako lau premiere be jasoko dira: William Brent Bell zuzendariaren The Boy (AEB, 2016); Colin eta Cameron Cairnesen Scare Campaign (Australia, 2016), 100 Bloddy Acres lehenengo langaz Sitgeseko zinemaldian saria lirabazi eban zinemagile australiarren bigarren lana. Mickey Keating idazle eta zuzendari gaztearen, Darling (AEB, 2015) lana be Estaduko estreinaldia izango da, eta baita Micah Wright eta Jay Lender zuzendarien They´re Watching (AEB, 2016). Zinemaldiko ikus-entzuleek maiatzaren 10ean ikusi ahal izango dabe.

Sail Ofiziala ondoko lanek osotuko dabe: Valentín J. Dimenten El eslabón podrido (Argentina 2015), Isaac Ezbanen Los parecidos (Mexiko, 2015), Ben Wheatlyren High Rise (UK, 2015), Joe Begosen The Mind´s Eye (AEB, 2015), Nikias Chyssosen Der Bunker (Alemania, 2015), Roxanne Benjaminen, David Brucknerren, Patrick Horvathen eta Radio Silenceren Southbound (AEB, 2015), Teemu Nikkiren Lovemilla (Finlandia, 2015), Ben Crescimanen Sun Choke (AEB, 2015), eta Jeremy Saunierren Green Room (AEB, 2015).

Film guztiak jatorrizko bersinoan eskainiko dira, gaztelaniazko azpi-tituluakaz, eta  El eslabón podrido, Darling, Der Bunker eta Sun Choke lanek euskerazko azpi-tituluak be eroango ditue.


Film laburren aldeko apustua

Film laburrek oso leku garrantzitsua izango dabe aurten be Panorama Fantastikoa sailaren barruan; eskuko telefonoakaz grabautako Fantastic Phone Movistar+ film labur sailaren barruan eta, zelan ez, Sail Ofizialaren barruan, bakotxak 3.000 euro banatuko dituan sari bigaz. Zinemagile barrien lana bultzatu nahi daben (hori da Zinemaldiaren helburu nagusietakoa) film laburren alorreko sari bi horreei, Euskal Film Labur Onenari emoten jakon 2.000 euroko saria gehitu behar jake.

Sail Ofizialari jagokonez, FANTen edizino honek, mundu osotik etorritako 850 film labur baino gehiago jaso ditu, eta antolatzaileek 25 onenak aukeratu ditue –animazino eta fikzino arloetan–. Lan horreek Fant Laburrean saioan eskainiko dira. Aurten be saio bi izango ditu, maiatzaren 6an eta 7an, eta lehenengo saioa euskal film laburrei eskainita egongo da. Euskal zinemagileek lehiaketara aurkeztuko dituen 11 lanak jatorrizko bersinoan ikusi ahal izango dira, euskerazko edo/eta gaztelaniazko azpi-tituluakaz: De-mente, Lorenzo Ayuso; Artificial, David Sañudo; La habitación, Diego Kataryniuk; Duellum, Tucker Dávila Wood; I Said I Never Talk about Politics, Aitor Oñederra; Lost Village, George Todria; False Flag, Asier Urbieta; The Devil on your Back, Haritz; eta Cenizo, Jon Mikel Caballero.


Epaimahaia

Sail Ofizialeko Film Luze Onena, Nazinoarteko Film Labur Onena eta Euskal Film Labur Onena aukeratzeko erabagia ondoko epaimahaiaren esku egongo da: Fiona O'Shaughnessy eta Laurence R. Harvey antzezleak eta José María Clemente kazetari eta Movistar+-eko programa zuzendaria.

Osorik irakurri