Unai Mendiburuk Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalerako txartela lortu dau Bermeon

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko mai. 5a, 00:00

Bizkaiko Eskolarteko Txapelketearen bigarren kanporaketea jokatu da Bermeoko Eleizalde ikastolan eta Unai Mendiburu izan da irabazlea. Horrenbestez, maiatzaren 22ko finalean izango da ALBE bertso-eskolako kidea. Hurrengo kanporaketea gaur, eguena, jokatuko da Deustuan, 17:00etan.

Zortzi bertsolari batu dira Bermeon, txapelketearen bigarren kanporaketan: Lilibertso bertso-eskolako Beñat Bilbao, Julen Karrion, Imanol Ziluaga eta Jon Garatxena; Taket bertso-eskolako Ainhoa Gorostiaga eta Iker Larizgoitia; eta ALBEko Eneko Elordui eta Unai Mendiburu.

Saioaren lehenengo zatian, launa bertso hiru ariketatan bota ditue eta, puntuazinoaren arabera, lauk egin dabe aurrera, bigarren zatira: Bilbaok, Elorduik, Larizgoitiak eta Mendiburuk. Hor, beste hiruna bertso bota ditue. Puntu gehien Unai Mendiburuk batu ditu eta, hortaz, saioa berak irabazi dau.

Maiatzaren 22an Getxon jokatuko dan finalerako txartela lortu dau, horrenbestez, Unai Mendiburuk. Martitzeneko saioa irabazi eban Txaber Altube be sailkatuta dago. Ganerako bertsolariak puntuazinoaren arabera ordenauko ditue eta lau onenek lortuko dabe finalerako txartela, saioetako irabazleakaz batera.

Bermeon, honeek ibili dira epaile: Jurgi Fuentes, Leire Etxebarria eta Miriam Juaristi. Gai-jartzailea Leire Garatxena izan da. Hurrengo saioa, gaur, eguena, jokatuko da, 17:00etan Deustuko Berbaizu euskera alkartearen egoitzan. Azken kanporaketea, ostera, bihar izango da, Elorrion.

Osorik irakurri