ETBk bere emonaldi digitalak eten ditu gaur goizeko 10:00etan Nafarroan. EiTBren eta Itelazpiren kontra Industria, Energia eta Turismo Ministerioko Telekomunikazinoetarako Estadu Idazkaritzeak hasitako zehapen-espedienteek eragin dabe emisinoa bertan behera ixtea.
Espainiako Gobernuak eskatutakoa ez beteteak ekarri eikezan ondorioak ebitetako amatau dabe seinalea EiTBko teknikariek Erreniega, Ezkaba eta Joar mendietako instalazinoetan.
Euskal Telebistaren emonaldiak bertan behera ixteak kalteak eragingo deutsez nafarrei, izan be, hemendik aurrera ez dabe jasoko ETBren emisinorik ez Iruñerrian ezta Nafarroako beste eskualde batzuetan be. EiTBren eretxiz, Nafarroako Foru Erkidegoan ETBren emisinoak eteteak nafarren oinarrizko eskubideei eragingo deutse, aurrerantzean ezingo dituelako ikusi Euskal Autonomia Erkidegoko telebista autonomikoak eskaintzen dituan albistegiak.
Era berean, telebistaren emisinoak amatauta, nafarrek ez dabe izango edozein gizarte demokratikoren ezaugarri dan aniztasun informatiborako aukerarik. ETB1 eta ETB3ren bidez zabaldutako euskerazko emonaldiak eta heldu eta umeentzako programazinoa be ezingo dabe ikusi. Aniztasun horrek luzaroan gizarte kohesinoaren alde egin dau, Nafarroako gizartearen hizkuntzea, pentsamoldea eta kultura aniztasuna jagonez.
Aurrerapen teknologikoei esker mundu guztiko telebisten seinaleak eskueran dagozan garaiotan, nafarrek ezingo dabe ETBren emisinoa ikusi, horren albistegi eta saioek Foru Erkidegoan be ikusleen babesa izan daben arren.
EiTBk Nafarroako Gobernuagaz lanean jarraitzeko gogoa azaldu dau, Nafarroako Foru Erkidegoan seinalearen behin betiko digitalizazinoa lortzeko, betibe bilakaera teknologikoak dakarzan aukerak erabilita eta indarrean dagoan araudiaren barruan.
Sinadura batzea Change.org webgunean, Nafarroan ETB ikusi ahal izateko
Sinadurak batzeko kanpainea EiTBk emisinoaren etena iragarri eban egunean abiatu eben. Dagoeneko 15.000 sinadura baino gehiago batu ditue eta 9.600etik gora falta dira.
Kanpainea sustatu dauen erabiltzaileak Change.org webgunean azaldu dauenez, Industria Ministerioari Nafarroarentzako beste multiplex bat eskatzeko deia egiten deutsegu Eusko Jaurlaritzeari eta Nafarroako Gobernuari. Nafarroako telebista-eskaintza ahalik eta handiena izatea defendidu daigun; zenbat eta telebista gehiago, hobe, gaineratu dau.