'Europan hizkuntza guztiak oinarrizkoak dira gizartearen kohesinorako eta aberastasun personal eta kolektiborako'

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko mai. 6a, 00:00

Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarreko (NPLD) presidente eta Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrika, Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartaren Zuzendari Sixto Molinagaz alkartu  da, Europako Kontseiluko hizkuntza gitxituen arloko organo gorenari sarearen lanaren barri emoteko. Bilereak NPLD sarearen eta Europako instituzino honen arteko lehenengo hartu-emonak ezartzeko balio izan dau, baita Europako hizkuntza aniztasuna sustatzeko lanean etorkizunari begira bide barriak zabaltzeko be.

Baztarrikak NPLD sarearen helburuak azaldu ditu. Izan be, sarearen helburu nagusia da Europako hizkuntza guztiak batzen dituan eleaniztasun inklusibo bat bultzatzea, hizkuntzearen hiztun kopurua, pisu politikoa edota ofizialtasun maila kontuan hartu barik. Baztarrikak, sareak gaur egun Europako Hizkuntza  Aniztasunerako Bide Orriaren barruan egiten dagoan lanaren barri be emon dau.

Baztarrikaren berbetan, NPLD sarearentzako Bide Orria datozen bost urteetarako iparrorratza izango da eta ikuspuntu barri bat ekarri nahi dau Europako eleaniztasunean. Hizkuntza guztiek, eta ez bakarrik Europar Batasuneko estaduko 24 hizkuntza ofizialek, Europa eregiten lagundu behar dabe, bardintasun egoera batean. Izan be, hizkuntza guztiek eleaniztasun alorrean Europa mailan egiten diran programa eta ekimen guztietan parte hartu beharko leukie. Ganera, gizarte kohesinorako eta europar kontinenteko bizitasun ekonomikorako ezinbesteko oinarriak izan behar dabe. Komunidade linguistikoakaz  errespetuzkoa eta inklusiboa dan ikuspuntu horregaz bakarrik eregi daiteke danon Europa bat.

Beste alde batetik, Baztarrikak Europako agintariei ardurea agertu deutse Nafarroan ETBren emisinoa eten dabelako. Egoera honen aurrean, Baztarrikak, Europako Kontseiluko agintariei esan deutse NPLD sareak gutun bat bialduko deutsola Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartaren Adituen Batzordeari egoerearen barri emoteko. Anomalia demokratiko larria da Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Karta berretsi dauen Espainia lako estadu batek, Nafarroan ETBren emisinoa etetea, esan dau Baztarrikak. Kontraesan handia da Karta berretsi barik dauen Estadu frantziarrak arazorik ez jartea Iparraldean ETB emitiduteari eta Espainiak eten barik arazoak jartea. Ez da ulertzen gizarte demokratiko batean, gehitu dau.

Sixto Molinak interes handia erakutsi dau NPLD sareak egiten dauen lana jarraitzeko. Bere borondatea erakutsi dau sareagaz alkarlanean Europako hizkuntzen sustapena aurrera eroateko. Bere ustez, Europako kontinentean hizkuntza guztiak oinarrizkoak dira gizartearen kohesinorako, ekonomiaren bizitasunerako eta aberastasun personal eta kolektiborako.


Zer da NPLD sarea?

Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarra (NPLD, ingelesez) hizkuntza konstituzionalez, eskualdeetako hizkuntzez edota estatu txikietako hizkuntzez osotutako sare europarra da eta eleaniztasun inklusiboa sustatzea dau helburu. Mueta askotako hizkuntzak hartzen ditu barruan: Maila europarrean eta estadu  mailan ofizialak diran hizkuntzak, (irlandera edota suediera, adibidez), maila erregionalean konpartidutako ofizialtasun erregimenean erabilten diranak (euskerea, galesera, katalana...) eta babes gitxiago dabenak (bretainierea eta okzitanierea, beste batzuen artean).

Nahiz eta heterogeneoak izan, NPLDko hizkuntza erkidego guztiek helburu komun bat daben hizkuntza txiki edota ertainak ordezkatzen ditue. Helburu hau da Europako hizkuntza guztiak aintzat hartzen dituan eleaniztasun inklusiboa sustatzea eta, euren estatusa edozein izanda be, hizkuntza guztiek garapenerako  eta aurrera egiteko aukerea izatea.

NPLD sarea 2007an sortu zan eleaniztasunaren esparruan ahots europar bat izateko beharrak eraginik. Gaur egun, eskubide osoko 13 kide, gehien-gehienak gobernu erregionalak, organismo publiko erregionalak edota estadu gobernuak (Irlanda) dira, eta 22 kide asoziatu ditu, Europako zenbait herrialdetako unibersidadeak edota eremu urriko hizkuntzen sustapenean lan egiten daben alkarteak dira.

NPLD sareak aurrera eroango dauen lana Europako Hizkuntza Aniztasunerako Bide Orriak zehazten dau. Bide orri honen helburu nagusia da Europar Batasunaren hizkuntza aniztasunaren aldeko konpromisoa berrestea eta, segurtatzea, aldi berean, Europan erabilitako hizkuntza guztiek badituela alkarregaz laguntza eta sustapena behar daben balio komunak.

Osorik irakurri