- Zuzendaria: Iciar Bollain.
- Gidoilaria: Paul Laverty.
- Musikea: Pascal Gaigne.
- Aktoreak: Anna Castillo, Javier Gutiérrez, Pep Ambrós, Manuel Cucala, Miguel Ángel Aladrén.
-Produktoreak: Morena Films / Match Factory Productions.
- Iraupena: 100 minutu.
El olivo, Iciar Bollainen azken filmak Alma izeneko neska gazte bat dau protagonista. Umetan, Almak ikusi eban zelan bota eben familiaren baratzean milaka urte zituan olibondo bat, saltzeko asmoz. Dirutza horregaz gurasoek eta osabek etorkizunik bako negozio bat jarri eben martxan. Azken urteetan, haren aitita burua galtzen dago eta Almak uste dau olibondoa ebagiteagaitik sentiduten dauen pena dala arrazoia. Horri zeozelako konponbidea emon guran, Alemaniara joatea erabagiten dau, bertako entrepresa handi baten egoitzan dagoan olibondoa zelan edo halan ekarteko. Abentura horretan, osabea eta Almagaz mainteminduta dagoan lankide bat eroaten ditu, engainauta.
Idealismoz beteta dagoan istorio honi amaiera zoriontsua baino ez jako falta umeentzako ipuin bat izateko. Botatako arbolea metafora legez erabilita hainbat gauza salatu gura dituan filma da: enpresa handien sensibilizazino eza, ekologismoa, familiaren barruko inkomunikazinoa, gizon batzuen indarkeria, ustelkeria eta bestelako gaiak jorratu nahi ditu, baina guztietan geratzen da labur.
Filmaren onena, tarteka dituan umore ukutuak; txarrena, egiantzik edo sinisgarritasunik bako kontakizuna dala. Protagonistea bera be gaztea bezain inozoa.