'Langraitz bisean bis' liburuaz egingo dau berba Humberto Unzuetak gaur Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko mai. 10a, 00:00

ETAtik urten eta autokritikea egin daben presoen lekukotzak batu ditu Humberto Unzueta gernikarrak Langraitz bisean bis, ETAren disidentziarekin aurrez aurre liburuan (Erein). Berau aurkeztuko dau jentaurrean gaur, arratsaldeko 19:30ean, Bilboko Bidebarrieta liburutegiko kulturgunean. Langraitz Bidea dalako horren alde egin eben Carmen Gisasola eta Joseba Urrosolo be bertan izango dira.

Liburua Donostian aurkeztu eban Unzuetak orain dala egun batzuk eta orain Bilbon be emongo dau horren barri. ETAren ingurutik aldendu eta, autokritikea eginaz, Langraitz Bideari ekin eutsien 30 preso inguruk orain dala urte batzuk. Hareetako batzuen lekukotzak dira liburuaren oinarria.

Erein argitaletxeak azaldu dauenez, liburuan ETAkide ohiek egiten daben autokritikea sakona da. Indarkeria amaitzeko prozesuan eredu izan zirala dino Ereinek eta bizikidetzea eregiteko erreferentzia. Espetxetik bide horri ekitea ez zan erraza izan eta, une baten, jazarpena eta estigmatizazinoa ekarri eutsen. Langraitz Bidean protagonista izan ziranen arpegia erakustea da liburuaren asmoa.

Humberto Unzueta Kareaga Gernika-Lumon jaio zan eta Gautegiz-Arteagan bizi da gaur egun. Hedabide ugaritan lan egin izan dau, baita gidoiak idazten be. Gatazka politikoak hurretik aztertu ditu eta, Langraitz Bidearen inguruko hau plazaratu aurretik, Ipar Irlandako gatazkearen ganeko beste liburu bat argitaratu eban 1996an, Imanol Murua Uriagaz: Su-etena Belfasten.

Gaur, martitzena, Bilbon izango da Unzueta, Langraitz Bisean bis aurkezten. Beragaz, Langraitz Bidea hartu eben preso ohi bi egongo dira: Carmen Gisasola eta Joseba Urrosolo ETAkide ohiak. Ereineko editore Inazio Mujikak be ekitaldian berba egingo dau.

Osorik irakurri