Maiatzaren 13an eta 14an egingo dabe Arteen Asteburua Bilbo erdigunean, uriko galeriek antolatuta, Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz. Artea jenteari hurreratzea eta galeriek egiten daben lana ezagutarazotea da Art Districten helburua. Horretarako, egitarau zabala antolatu dabe barikurako eta zapaturako.
Galeriak giltzarria dira artearen garapenerako, ez bakarrik obrak erakusten dituelako, baita honen zabalkundean laguntzen dabelako be, adierazo dau Michel Mejuto galeristeak, Bilbao Art Districten laugarren edizino honen aurkezpenean. Asteburuan ekintza ugari antolatuko ditue herritarrei euren lana erakusteko, baina urte guztian ateak zabalik daukiezala azpimarratu dau. Lan isila egiten dogu.
Sartzeko bildurra galdu behar da, ganeratu dau Nekane Alonso Bilboko Kultura zinegotziak, galeriak arte espazio edegiak dira. Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendariak dinoanez, galeriak ez dira gitxi batzuen kontua.
Urte txar batzuk pasau eta gero, bildumagintzea eta arte galerien jarduna errekuperetan hasi dala emoten dau, Michel Mejutok azaldu dauenez. Azkenaldion, ganera, beste galeria barri bi zabaldu ditue Bilbon bertan. Sektore horri bultzadea emoten deutso Art Districtek eta, Gonzalo Olabarriak esan dauenez, arteari lotutako leku barriak ezagutzeko aukerea emoten dau.
Aurtengo egitarauan, aurreko edizinoetan legez, galerietatik kalera atarako dabe artea. Era guztietako arte adierazpideei zabaldutako uria izango da Bilbo, dino Nekane Alonsok, bilbotarrek artearen bidez ikasi eta disfrutauko dabe. Uriko leku askotan dobako kontzertuak egongo dira, aire zabalean: Kale Nagusian, Martzana kaian, Juan Ajuriagerra kalean eta abar.
Era berean, artista ugariren lana bertatik bertara ikusteko modua egongo da. Rogelio Lopez Cuencak eta Felipe Pantonek esku-hartze artistikoak egingo ditue. Ganera, galerietan euren lanei buruzko azalpenak emoten ibiliko dira Ato Malinda, Paula Rubio Infante, Mikel Lertxundi eta beste asko. EHUko arte ikasleei be lekua egingo deutsie, euren sorkuntzea gizarteratzeko.
Bestetik, berbaldiak, familientzako tailerrak, bisitaldi gidatuak eta abar egongo dira maiatzaren 13an eta 14an. Edade eta publiko guztientzat egongo da zeozer, dino Alonsok. Ezin da ahaztu, ganera, uriko museo batzuetan doban sartu ahal izango dala, adibidez Guggenheimen eta Itsas Museoan. Egitarau osoa batzen dauen gidearen 15.000 ale argitaratu ditue eta museoetan, galerietan eta turismo bulegoetan eskuratu leiteke.